Albisteak 2019

LEHIAKETA

30 Eka 2019

Santurtzi Iberdrola garaileen zerrendara batu da

Santurtzi Iberdrola garaileen zerrendara batu da Santurtzi Iberdrola garaileen zerrendara batu da

"Sotera" ontzia eta Donostia Arraun Lagunak Lekeitiko uretan nagusitu dira jardunaldi ikusgarri batean

Santurtzi Iberdrolak irabazi du Lekeition lehiatu den XXXIV. El Correo Ikurriña - BBK Sari Nagusia eta talde bizkaitarrentzat lehen aldia da Eusko Label Ligan bandera bat irabazten dutela. Bestalde, Donostia Arraun Lagunak gailendu da gaurko estropadan eta III. El Correo - Kutxabank Bandera eskuratu du 10'52"06ko denbora eginda. Caixabank Patroi Onenaren sariari dagokionez, Arkaiz Diaz Donostiarrako lemazainak lehen postua berreskuratu du.

"Sotera" ontziak lehenengo momentutik estropada burua hartu du eta brankaz zein poparean, Iker Zabalaren mutilak nagusi izan dira, eta hala, aurreko txandako ontziek egin dituzten denbora guztiak txikitu egin dituzte, amaieran 19'39"64ko denbora burututa. Orio Babyauto geratu da bigarren tokian irabazlearengandik 14 segundora. Go fit Hondarribiak gaurko sailkapenean laugarren amaitu du 27 segundora eta Zierbena Bahias de Bizkaiak, berriz, bosgarren tokian amaitu du 20'08"60ko denbora eginda.

Bigarren txandari dagokionez, Donostiarra hasierako paladatik lehen postuan kokatu da eta Igor Makazagaren taldeak estropada borobila burutu du 20'01"82ko denbora eginda. Bigarren posturako Caboren eta Urdaibai Aviaren artean lehia estua egon da. Azken txanpan galiziarrak bermeotarrei aurrea hartu diete eta txandako bigarren postua eskuratu dute Donostiarrarekiko 12 segundo galduta. Caboren eta bizkaitarren artean 86 ehuneneko besterik ez dira egon. Ondarroa Cikautxok itxi du bigarren tanda 20'04"98ko denbora eginda.

Kaikuk nagusitasunez irabazi du lehen txanda 20'14"84ko denbora burututa eta zortzigarren postuan amaitu du. San Pedro izan da bigarren "Bizkaitarra" ontziarekiko 16"ra. Lekittarra Elecnorrek eta Astillero Repsol Electricidad y Gasek, berriz, 11. eta 12. postuan amaitu dute, hurrenez hurren. Modu honetara, Orio Babyautok jarraitzen du Eusko Label Ligako lider, eta Go fit Hondarribiari zazpi puntuko aldea ateratzen dio. Santurtzi Iberdrola hirugarren postuan kokatu da oriotarrengandik zortzi puntura. CaixaBanko Patroi Onenaren sariari dagokionez, Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak berreskuratu du lidergoa eta orain Iñaki Goikoetxea Lekittarra Elecnorreko lemazainari bi puntuko aldea ateratzen dio.

Donostia Arraun Lagunak irabazle

Donostia Arraun Lagunak nagusitu da gaurko estropadan eta III. El Correo - Kutxabank Bandera eraman du Orio Babyautorekin lehia estua izan eta gero. Ziabogan Oriotarrak lehean ziren donostiarrei 4 segundoko abantaila edukita. Halere, Arraun Lagunakek itzuleran ikaragarrizko luzea egin du eta oriotarrei aurre hartu die, amaieran 5 segundoko aldea ateraz "Txiki" ontziari. Donostiarrak, berriz, hirugarren postuan amaitu du 20 segundo galduta, Hondarribiak Bertako Igogailuak, aldiz, 25. Modu honetara, Donostia Arraun Lagunak da Euskotren Ligako lider berria Orio Babyautorekin 7 punturekin berdinduta. Bestalde, Nadeth Agirre Orio Babyautoko patroiak jarraitzen du lider Patroi Onenaren sailkapen nagusian, Nerea Perez Hondarribia Bertako Igogailuko lemazainari bi puntuko aldea aterata.

Hurrengo asteburuan Galizian izango dira gorengo mailako 16 traineruak, Coruñan hain zuzen ere. Bertan, gizonezkoetan III. Cidade da Coruña Bandera jokatuko da, eta emakumezkoetan, berriz, II. Cidade da Coruña Bandera.

Itzuli