Albisteak 2013

LEHIAKETA

16 Eka 2013

URDAIBAI UMPRO AVIA EGURREAN HASI DA, ETA 9 SEGUNDO ATERA KAIKU AMBILAMPI; ORIO BABYAUTO 3. IZAN DA, BIKAIN

URDAIBAI UMPRO AVIA EGURREAN HASI DA, ETA 9 SEGUNDO ATERA KAIKU AMBILAMPI; ORIO BABYAUTO 3. IZAN DA, BIKAIN

Bermeokoak goitik behera nagusitu dira Basque Country estropadan, eta San Miguel Liga irabazteko hautagaitza aurkeztu dute

2012ko San Miguel Liga traineru baten agintearekin bukatu zen, Kaiku-Ambilamp, eta denboraldi berrian oilar berria agertu da: Urdaibai Umpro Avia. Bermeokoak egurrean hasi dute liga eta Bartzelonako Basque Country Bandera nagusitasun handiarekin irabazi. Hainbesterako, San Miguel Liga-la Caixa Koroa bereganatzeko euren hautagaitza aurkeztu dutela. Jon Salsamendiren mutilek hirugarren txandan egin zuten arraun, aurkari guztiek egindako denboren jakitun zirela. Suziri baten pare irten ziren, euren txandako garaipena ziurtatzeko, eta behin hori lortuta, erlojupeko bikaina egin zuten Kaiku-Ambilamp zalantzarako tarterik uzten ez duen errentarekin gainditzeko.

 

Txo-ek Kaikuren denbora berdindu zuten lehen luzean (segundo bat gutxiago), baina bigarrenean estropada hausten hasi ziren. Erdi lanetan sei segundokoa zen Bermeoko urdinen eta Sestaoko berdeen arteko aldea, eta zulo hori itxi ezina bihurtu arte handitu zen hirugarren luzean: 12 segundo. Istripu edo ezusteko handiren batek bakarrik kenduko zion bandera Urdaibairi, baina ez zen halakorik gertatu. Helmugan 9 segundokoa izan zen errenta.

 

Kaiku-Ambilamp estropadako liderra izan zen ordu erdi luzez, baina Urdaibai Mediterranear Itsasoko ur lasaiak astintzen hasi zenean, akabo. Kaiku nagusitu zen lehen txandan, baina ez zen garaipen lasaia izan, Orio Babyauto 3 segundora helmugaratu zelako. Oriokoak hirugarren sailkatu ziren, eta ARC Ligako jaitsiera dagoeneko konpondu den istripu txiki bat izan dela erakutsi dute goi mailan egindako estropada bakarrean. Igo berria da Orio, baina bi aste barru, Laredon, Ohorezko txandan egingo du arraun Urdaibai, Kaiku eta Hondarribia Orsarekin batera. Lau oilar oilategi berean. San Miguel Liga bero-bero hasi da.

 

Sailkapenaren zuloan, Castro eta Zumaiaren arteko dema ikusiko da, atzo ikusitakoa aintzat hartzen badugu. Bi ontzi gorriak paretsu ibili ziren lan erditan, baina azkenerako sei segundoko aldea eta puntu bateko errenta lortu zuten Telmo Deun ontzikoek. Liga bukaeran garrantzitsua izan litekeen puntua.

Itzuli