Albisteak 2019
BEREZIAK
24 Uzt 2019
Bigarren urtea eta dagoeneko bi trapu etxera
Santurtzi Iberdrola iaz igo zen bere historian lehen aldiz gorengo mailara, bana igo berri den talde baten zantzurik ez du eman Sotera traineru mitikoak
Ez da harritzekoa arraunaren maila gorenera igo berri diren taldeak hasierako bi denboraldietan gutxienez sailkapeneko postu apalenetan ibiltzen ikustea. Izan ere, Eusko Label Ligan egonkortuta dauden taldeen maila asko handitu da azken urte hauetan, eta egoera horren ondorioz, bigarren mailatik igo berri diren talde apalenek zailtasunak izaten dituzte mailari eusteko. Fruituak jasotzeko pazientzia izatea eta denbora hartzea ezinbestekoak dira, eta zer esanik ez arraunean.
Harritzekoa edota eskemak hautsi dituena bada, ordea, Santurtzi Iberdrolak azken bi urte hauetan egin duena. Sotera ontzia iaz estrainekoz aritu zen gorengo mailan eta Iker Zabalak prestatutako taldeak hasiera oparoa izan zuen, bosgarren lekuan amaitu baitzuen 2018ko denboraldia. Hori horrela, Santurtzi Iberdrola da Eusko Label Ligako historian, lehen urtez arituta, sailkapen nagusiko posturik onena lortu duen taldea. Horrez gain, aurten, talde bizkaitarra gorengo mailako oilarren pare dabil. Momentuz, sailkapen nagusiko laugarren postuan dago kokatuta Zierbena Bahias de Bizkaia bigarren sailkatua bi puntura duela, kontuan hartuta; hori gutxi ez eta dagoeneko talde moreak Eusko Label Ligako lehen bi bandera gordeta ditu bere bitrinetan. Juan Mari Lujambio beteranoa Sotera ontziko txopan zela, santurtziarrek beraien historian Eusko Label Ligan lehen aldiz irabazi zuten trapua Lekeitioko estropadakoa izan zen, eta bigarrena, berriz, Sestaoko bandera, joan den igandean Portugaleteko uretan jokatu zenekoa.
Santurtzi Iberdrolak bi urte besterik ez daramatza Eusko Label Ligan, baina Iker Zabalak osatu duen eskifaia aztertuz gero, gorengo mailan eskarmentu handia duten eta garaipen ugari dituzten arraunlariak ageri dira traineruko tostetan. Argi dago santurtziarrek beste aurkari zuzenei hortzak erakutsi dizkietela eta datozen estropadetan ere oilarrek galtzak bete lan izango dutela Sotera ontziari gailentzeko.