Albisteak 2019

BEREZIAK

23 Uzt 2019

Eusko Label Liga Santurtzira heldu da

Eusko Label Liga Santurtzira heldu da

Larunbatean jarriko dira jokoan gizonezkoen Santurtziko XL. Ikurriña eta emakumezkoen VIII. Euskotren Bandera

Santurtzi Iberdrolari ezinhobeto doakio aurtengo denboraldia. Goi mailako traineruak sasoi erdira iritsi direla kontuan hartuta, Soterak bi bandera eskuratu ditu eta ohorezko txandan egonkortzea lortu du. Gauzak horrela, Iker Zabalaren mutilek larunbatean beraien zaleen aurrean estropada txukuna egin nahiko dute. 18:15etatik aurrera, Santurtziko ibaiak goi mailako arrauna hartuko du, eta hala, lehenik, emakumezkoen VIII: Euskotren Bandera (9. jardunaldia) jarriko da jokoan, eta ondoren, gizonezkoen Santurtziko XL. Ikurriña lehiatuko da (Eusko Label Ligako 11. jardunaldia).

Gizonezkoen zein emakumezkoen estropada eremua berezia izango da. Euskotren Ligako lehiari dagokionez, lau ontziak Portugaleteko Igerilekuen aurrean ainguratuta egongo diren balizetatik irtengo dira, eta kanpoko balizak, berriz, Portugaleteko atoiontzien inguruan egongo dira. Ontziek lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte, eta guztira 2.778 metroko diztantzia osatuko dute.

Gizonezkoen estropadari dagokionez, ohi bezala, 12 ontziek hiru ziaboga eta lau luze egin beharko dituzte, halere, luze denek ez dute diztantzia bera izango; irteera eman ondoren, traineruak Portugaleteko atoiontzien inguruan dauden balizen bila joango dira (832 metro), ziaboga eman eta gero Santurtziko portuko ABRA gunean egongo diren balizetan egingo dute bigarren maniobra (1.946). Hirugarren eta azken ziaboga berriz ere atoiontzien gunean egingo dute (1.946 metro), eta bukatzeko, azken luzea, lau ontziek irteera eman duten balizetan amaituko dute (832). 

Estropadako txandak Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko ordenaren arabera osatuko dira. Beraz, lehen txandan San Pedro, Astillero Repsol Electricidad y Gas, Lekittarra Elecnor eta Kaiku arituko dira. Bigarrengoan, berriz, Cabo, Ondarroa Cikautxo, Urdaibai Avia eta Donostiarra lehiatuko dira. Azkenik, ohorezko txandan Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia, Zierbena Bahias de Bizkaia eta Orio Babyauto egungo liderra arituko dira.

Gaur goizean Santurtziko Arrantzaleen Kofradian aurkeztu dituzte larunbatean jokoan jarriko diren bi banderak. Aurkezpen ekitaldian Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea, Edurne Espilla Santurtziko Kiroleko zinegotzia eta Julio Artetxe Santurtzi Iberdrolako presidentea izan dira. 

 

Itzuli