Albisteak 2017
BEREZIAK
05 Uzt 2017
Oriok dena emango du Eusko Label Ligarekin
Udalerri gipuzkoarrak gizonezkoen txapelketaren hirugarren jardunaldia eta Euskotren Ligako playoffaren lehenengo jardunaldia hartuko ditu
Txapelketaren lehenengo asteburua atzean utzi ondoren, gipuzkoar lurraldetara dator Eusko Label Liga. Bertan, hirugarren eta laugarren jardunaldiak egingo dira, larunbatean Orioko XXVII. Estropadak - V. Orio Kanpina Bandera jokoan izango delarik. Hain zuzen ere, larunbatean ere, Euskotren Ligako edizio berri bati emango zaio hasiera. Estropada hau playoffeko bi jardunaldietako lehenengoa izango da, eta bertan, uda honetan Euskotren Garaikurra lortzeko lehian ibiltzeko jokoan dauden lau postuetako bat lortzen saiatuko dira emakumezkoen 10 traineruak.
Orioko XXVII. Estropadako txandak eta irteeren hurrenkerak Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren arabera egongo dira zehaztuta. Horrela, lehenengo txandan izango dira Astillero, Ondarroa Cikautxo, San Pedro eta Ares; bigarrenean Cabo, Zierbena Bahías de Bizkaia, San Juan Sumelec eta Tirán Pereira; eta azkenik, ohorezko txandan, Kaiku Producha, Hondarribia, Orio Babyauto eta Urdaibai Avia. Gizonezkoen estropada amaitu ondoren, Euskotren Ligaren txanda izango da. Bertan, arraunlariak, erlojupeko formatuan arituko dira, mila nautiko bat eta erdiko distantzian bi luze eta ziaboga bat emanez. Playoffeko lehenengo jardunaldi honetako irteeren hurrenkera ordezkarien bileran egingo den zozketaren bitartez zehaztuko da.
Gaur, eguerdian, estropadaren aurkezpena egin da Orioko Kanpinean. Bertan izan dira, besteak beste Josetxo Aranburu, ACTko zuzendaritzako kidea; José Angel Zaldua, Orioko alkatea; eta Ibon Huegun, Orio Babyautoko presidentea.
Kontsultatu hemen Orioko XXVII. Estropadak – V. Orio Kanpina Banderako dosierra.