Albisteak 2019

BEREZIAK

20 Abu 2019

Helmugaratu... eta zalantza

Helmugaratu... eta zalantza

Lehia estuan ibili diren traineruak helmugaratzean, askotan zalantzak izan ohi dira irabazlea zein den jakiteko
 

Arrauna odolean daraman kirolariarentzat zein arraun zalearentzat estropada guztiak izan ohi dira ikusgarriak eta zirraragarriak. Eta itsasoa haserre dagoenean, zer esanik ez; ontzi batek beste traineruari ateratzen dizkion segundo apur horiek hutsaren hurrengoak baitira. Baina bada bihotz taupadak are eta azkarrago doazen eta urduritasuna oraindik eta gehiago azaleratzen den beste egoera bat, azken urte hauetan errepikatzen ari den gertaera da hori: ontziak helmugaratu eta momentuan bertan irabazlea nor den ez jakitea. Gaur egun, goi mailako arraunak dituen tramankuluei esker, identifikatu daiteke zein ontzik igaro duen marra “imajinarioa” lehenago. Halere, epaileak irabazlearen berri jakitera ematen duen momentura arte, arraunlarientzat zein arraun zaleentzat igarotzen diren segundo bakoitza minutuak izaten dira.

Joan den igandeko estropada dugu gertaera horren adibide berriena. Zarauzko XLII. Estropadako 2. jardunaldiko bigarren txandan Ondarroa Cikautxoren eta Urdaibai Aviaren arteko aldea bi ehuneneko besterik ez ziren izan, “Antiguako Ama” ontziaren alde. Bestalde, aurreko urteetako estropadetan ere izan dira horrelakoak: 2017ko Getxoko Estropaden XXXIX. Ikurriñaren lehian, esaterako, Go fit Hondarribiak 3 ehuneneko aldea atera zion Orio Babyautori; joan den urtean, berriz, “San Nikolas” ontzia 18 ehuneneko lehenago helmugaratu zen Zierbena Bahias de Bizkaia baino Orioko XXVIII. Estropadak - VI. Orio Kanpina Banderan. 

ACT sortu zen urtetik hona, horrelako dozenaka pasadizo jazo dira gaur arte. Baina bitxiena eta harrigarriena 2014an Zarauzko XXXVII. Estropadako bigarren jardunaldian Kaikuren eta Orio Babyautoren artean gertatu zena da; epaileek biei denbora berbera eman zieten foto-finish-a behin baino gehiagotan begiratu eta gero. Ordura arte horrelakorik ez zen gertatu arraun munduan, eta urte hartatik gaur arte ere ez da errepikatu. Garbi dagoena da ehunenekoek zirrara gehiago ematen diotela arraunak biltzen duen inguruari. 
 

Itzuli