Albisteak 2012
LEHIAKETA
26 Eka 2012
PETRONOR BANDERAREN XXIX. EKITALDIKO AURKEZPENA ZIERBENAN
Estropada ekainaren 30an jokatuko da, larunbatez, arratsaldeko 6retan
Eguerdi honetan San Miguel ligak kaia utzi eta itsasora egin du. PETRONOR BANDERAKO XXIX. estropada aurkeztu da Zierbenako Arraun Taldearen egoitzan. Zierbena San Miguel Ligara itzuli da aspaldiko partez, eta eskuzabal hartu du San Miguel Liga – Mapfre Koroa.
Pozik dago arraunaren mundua Zierbena – Bahias de Bizkaia trainerua onenen ondora bueltatu delako. Tradizio handiko ontzia eta kluba da Zierbena, eta bere itzulera denboraldiko lehen estropada puntuagarria antolatuz hasiko du. Non hobe, etxean baino. Larunbatean, arratsaldeko 6retan da hitzordua. Une horretan dena egongo da erabakitzeko, baina gauza asko argituko dira ordubete pasatxoko tartean. San Miguel Ligak Petronor babeslearen laguntza eskertu nahi du, babesle indartsuei esker hazten baita arrauna. Aurtengoa Petronor banderaren 29. ekitaldia izango da.
Aurkezpen ekitaldira bertaratu dira Victor Perez de Gezuraga Jauna, Petronor enpresako Zuzendari Nagusia, Marcelino Elorza Jauna, Zierbenako alkatea, Zierbena A. E.-ko Jose Luis Herrerias presidente Jauna, Eugenio Fernandez Jauna, ACTko Lehiaketa Batzordearen izenean, eta baita Pedro Andueza Jauna ere, ACTko presidentea. Aurkezpenaren ostean, txanden zozketa egin da, San Miguel Ligako sailkapena aintzat hartu gabe egingo den txanda banaketa bakarra. Honako hau izan da zozketaren emaitza:
· 1go txanda: Zumaia Altuna y Uria, Kaiku-Ambilamp, Hondarribia-Orsa eta Tirán Pereira
· 2. txanda: San Pedro-Ecolmare, Astillero, Pedreña eta Zierbena-Bahias de Bizkaia
· 3. txanda: Portugalete-Eulen, Urdaibai-Umpro Avia, San Juan-Iberdrola eta Castro
Kaleen zozketa ordezkarien bileran egingo da, estropada hasi baino ordu eta erdi lehenago.