Albisteak 2024
LEHIAKETA
03 Abu 2024
Hamaika jokatu eta bederatzi estropada irabazi ditu Bermeo Urdaibaik Eusko Label Ligan
Bandera, lidertza eta patroi onenaren maillotarekin etxeratuko dira gaur bermeotarrak.
Jokatu dituen hamaika estropadetatik bederatzi irabazi ditu Bermeo Urdaibaik Eusko Label Ligan. Lehen luzean borroka estua izan da Donostiarra, Zierbena eta Bermeo Urdaibairen artean, baina estropadak aurrera egin ahala liderrek distantzia areagotu dute aurkariekiko eta 20:23,54eko denboran amaitu dituzte lanak azkenean. Bigarren Donostiarra ailegatu da: 6 segundoko atzerapenarekin gelditu dute kronoa Igor Makazagak prestatutako mutilek, eta hirugarren eta laugarren postuei dagokienez, Zierbenak osatu du podiuma 20:40,78ko denboran, eta oriotarrak izan dira laugarrenak, 20:44,74ko denboran.
Eusko Label Ligako lider izaten jarraitzen dute bermeotarrek beste aste batez 129 punturekin. Bigarren postua Zierbenarena da 106 punturekin, hirugarrena Donostiarrarena 90ekin, eta laugarren koskan Orio dago 99rekin
Arraun Lagunak nagusitu da Kantabriako uretan
Arraun Lagunak nagusitu da Kantabriako uretan eta, hala, VIII. Caixabank bandera poltsikoan duela bueltatuko da etxera. Lehen luzean donostiarra eta, batez ere, Tolosaldea parean izan dituen arren, bigarren luzean estropada austea lortu du Andrea Astudillok gidatutako traineruak, eta 11:12:31ko denboran amaitu dute estropada. Tolosaldeak 8 segundo gehiago behar izan ditu kronoa gelditzeko, eta bigarren postuan amaitu du. Hirugarrena Donostiarra izan da 12 segunduko atzerapenarekin, eta oriotarrek berriz 23 segundo gehiago behar izan dituzte.
Lugañene traineruak Euskotren Ligako estropada guztiak irabazita 88 puntu ditu, eta harena da lehen postua. Bigarrenak tolosarrak dira 66 punturekin, eta beste aste batez, donostiarra eta Orio puntutan berdinduta daude 64rekin.