Albisteak 2013

LEHIAKETA

24 Uzt 2013

ZUMAIAN BUKATUKO DA DENBORALDIKO LEHEN ERDIA

ZUMAIAN BUKATUKO DA DENBORALDIKO LEHEN ERDIA ZUMAIAN BUKATUKO DA DENBORALDIKO LEHEN ERDIA

Bi proba jokatuko dira igande eguerdian; Euskotren Ligako 5. proba puntuagarria, eta San Miguel Ligako 11.

Zumaiako ur mugituek itxiko dute San Miguel Ligako denboraldiaren lehen erdia. Ligak astebeteko atsedena hartuko du, eta traineruak euren onena ematen saiatuko dira, atsedenalditxo horren atarian. Eguerdian aurkeztu da proba Zumaiako Algorri Itsas-Interpretazio Zentroan: ZUMAIAKO XXVIII. IKURRINA. Era berean, emakumezkoen estropada ere aurkeztu da: EL DIARIO VASCO IV. BANDERA. Aurkezpen ekitaldira bertaratu dira Zumaiako alkatea, Iñaki Agirrezabalaga Jauna, Aita Mari arraun elkarteko presidentea, Luis Mari Osa Jauna, eta Aita Mari Arraun elkarteko batzordekidea, Aitor Manterola Jauna.

 

Proba eguerdian puntuan hasiko da, Euskotren Ligako 5. proba puntuagarriarekin. Zumaiarrek pozik egoteko arrazoiak dituzte sobera, etxeko traineruak, Zumaia Salegi Jatetxea Itziar ontziak jokatutako estropada guztiak irabazi dituelako. Gorriek erabakita utz dezakete Liga, aurreikuspenak bete eta bosgarren estropada irabazten badute. Gizonezkoen lehiaketan ere estropada berezia da etxeko mutilentzat. Azken jardunaldietan gora egin dute, eta orain, haien helburua Pedreñarengana, San Miguel Ligako 10. sailkatuarengana hurbiltzea da.

 

Interesgarria, era berean, la Caixa Koroa irabazi nahi duten ontzien arteko borroka estua. Gaur-gaurkoz Orio Babyauto da liderra, baina puntu kopuru bera du bigarren sailkatuak, Kaiku Ambilampek: 91. Gainera, ezin dute sobera lasaitu, Urdaibai Umpro Avia hiru puntura bakarrik baitago. Kaiku eta Urdaibai dira, hain zuzen ere, denboraldi bukaeran la Caixa Koroa jabetzan lor dezaketen ontzi bakarrak, 2013ko San Miguel liga irabaztea lortzen badute. Txandak bezperan Getxon jokatutako estropadako sailkapenaren arabera erabakiko dira.

Itzuli