Albisteak 2024
LEHIAKETA
08 Abu 2024
Goi mailako arrauna Pasaiako Badiara itzuliko da igande honetan
Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak bertan jokatutako azken estropada 2018an izan zen.
Gaur eguerdian aurkeztu dira Gertu Eraikuntzak Bandera eta I. Adinberri Bandera Pasaiako Arrantzaleen Kofradian. Bertan izan dira Teo Alberro, Pasaiako alkatea; Rakel San Sebastián, Adinberri Fundazioko Zuzendaria; Lander Fernandez, Gertu Eraikuntzakeko Gerentea eta Xabier Isasa, Sanpedrotarra arraun elkarteko presidentea.
Lander Fernandez, Gertu Eraikuntzak enpresako gerenteak arraunaren balioak azpimarratu nahi izan ditu: "Sortu berri den empresa bat garenez, Gertuk bere babesa adierazi nahi izan dio Euskotren Ligari eta Pasaiako Banderari gure izena jarri diogu, izan ere, arraunak eta arraun egiteak gure balioetako asko sinbolizatzen ditu. Guretzat arrauna berdintasuna da, lana, sakrifizioa, uko egitea, pasioa, intentsitatea, gertutasuna, taldea…"
Rakel San Sebastián, Adinberri Fundazioko zuzendaria pozik agertu da banderari izena emateagatik: "Adinberrirentzat ohorea da arraunren munduarekin bat egitea, Gipuzkoan oso errotuta dagoen kirola baita. Gure estrategiak dituen erronkekin bat datorrela ikusten dugu".
Teo Alberrok, Pasaiako alkateak, zorte ona opa dio herriko traineruari eta Pasaiako herritarrei herrian tradizio handia duen ekitaldiaz gozatzeko deia egin die.
Xabier Isasak, Sanpedrotarrako presidenteak babesle guztiak eskertu ditu jardunaldia aurrera eramateko egin duten lanagatik.
Pasaia San Pedroko estropada eremua berezia da, izan ere Euskotren Ligako arraunlariek 3 luze eta 2 ziabogako ibilbidea egin beharko dute; Eusko Label Ligakoek, berriz, 6 luze eta 5 ziabogakoa.