Albisteak 2019

BEREZIAK

19 Ira 2019

Denboraldia, ohorezko txandatik begiratuta

 Denboraldia, ohorezko txandatik begiratuta

Zierbena Bahias de Bizkaiak, Santurtzi Iberdrolak, GO fit Hondarribiak eta Orio Babyautok Eusko Label Ligako denboraldiaren balorazioa egin dute

Aurtengo denboraldiko taldeen balorazioak jasotzen eta aztertzen jarraitzen dugu, eta gaurkoan, Eusko Label Ligako 20 jardunaldietan bete-betean banderaren lehian egon diren lau taldeen iritziak jasoko ditugu. Hala, ohorezko txandako oilar bakoitzak 2019ko denboraldiko balorazioa egin du. 

Luis Manuel Villar Zierbena Bahias de Bizkaiko arraunlariaren esanetan, denboraldi hasieratik estropada guztiak "lehiatzera" joan dira, eta hala izan da. Halere, taldean izan dituzten bajengatik, denboraldi "zaila" izan dela aitortu du. Talde bizkaitarrak Eusko Label Ligan laugarren lekuan amaitu du 181 punturekin, eta azken bi urteetan bezala bandera bat irabazi du; aurtengoan, Castron jokatutako VII. CaixaBank Bandera.

Juan Mari Lujanbio "Sotera" ontziko patroi beteranoa gustura dago taldeak denboraldian erakutsi duen mailarekin. Pertsonalki ere, Lujanbio pozik sentitu da traineruaren txopara itzultzeagatik, sei urteren ostean. Santurtzi Iberdrolak hirugarren postuan amaitu du denboraldia 196 punturekin, eta hiru trapu eskuratu ditu. 

Beñat Egiazu GO fit Hondarribiko arraunlariaren arabera, taldea uztailean "irregular" ibili bazen ere, apurka-apurka beraien "ohiko arraunketa berreskuratu" dute eta hori "emaitzetan islatu da". Amaieran, "Ama Guadalupekoa" ontziak bigarren postuan amaitu du 201 punturekin eta sei garaipen eskuratu ditu. Horrenbestez, Egiazu "pozik" dago egindako denboraldiarekin. 

Balorazio errondari amaiera emateko, Orio Babyautok egindako denboraldia dugu hizpide. Talde oriotarrak bere historiako lehen CaixaBank Koroa irabazi du, eta Ibon Huegun Orio Babyautoko zuzendaritzako kidearen esanetan, "urte ezinhobea izan da". Taldeak izan zituen hainbat bajengatik, urria eta azaroa hilabete "zailak" izan zirela azaldu du Huegunek, baina egoerari buelta emateko "gaitasuna" izan duela nabarmendu du, "guztiek erakutsi duten konpromisioagatik". Zuzendaritzako kidearen arabera, "arraunlariek beraien burarengan sinetsi dute, baita entrenatzailearengan ere". Talde gipuzkoarrak Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko postu gorenean amaitu du, 213 punturekin eta zortzi garaipenekin. 

Itzuli