Albisteak 2012

LEHIAKETA

06 Abu 2012

"NAHIKOA BANDERA BADA GURETZAT SAN MIGUEL LIGAN JARDUTEA"

"NAHIKOA BANDERA BADA GURETZAT SAN MIGUEL LIGAN JARDUTEA"

Luis Mari Goikoetxea, Zumaia arraun elkarteko presidentea

Pozik dago Luis Mari Goikoetxea, Goiko (Zumaia, 63 urte). Mutilen ontziak 11. postuan segitzen du, baina oso gertu ditu aurrekoak, harrapaezinak baziruditen ere. Nesken ontziarekin ere ezin hobe, banderak lortzen, espero ez zutenean. Klubean zenbat urte daramatzan galdetu, eta Goiko-k berak ere komeriak ditu datu zehatza emateko. “Asko” batekin erantzuten du.

 

Gogoratzen bazara, nolatan murgildu zinen arraun munduan?

Soldadu joan aurretik izango zen, 1970. urtean edo. Arraun egin nuen urte hartan, eta gero soldadutzara joan. Handik bueltan, 1975ean edo, herrian arraun kluba sortu behar zela-eta halako mugimendua sortu zen, eta harrezkero, ba ordezkari hasi nintzen. 1982an presidente kargua hartu nuen, eta gaur arte. Zeuk egin, kalkulua.

 

40 urte beraz, lanean, batean edo bestean.

Halaxe da, bai. Behin hasiz gero, segi egin behar da, kontu bat dela, bestea dela, aurrera egiteko lana egin behar derrigor. Laguntza handia jaso dut, eta lagundu didaten guztiei esker nago hemen.

 

Karguz presidente zara, baina zein da zure egunerokoa?

Ez pentsa presidentea naizelako ni erabakiak hartzera bakarrik mugatzen naizenik. Ez. Hemen lanerako borondatea duen jendea behar izan da betidanik. Lokala garbitzeko ez bada, gidari, eta gidari ez bada, bulegoko kontuak egiteko. Gaudenok denetarik egiten dugu, eta ni presidente izatea tramite hutsa da. Norbaitek izan behar duela. Goizetan etortzen naiz, 9k aldera edo, bateko kotxea begiratu, puskatuta dauden arraunak konpondu, ordenagailuko helbide elektronikoko mezuak eguneratu eta horrela. Arratsaldean, mutilekin egon, eta behar dutena eskura eman.

 

Anekdota mordoa izango dituzu kontatzeko, bakarren bat elkarrizketa honetan aipatzeko modurik bai?

Buf! 1984an 24 orduan hiru estropada jokatu genituen eta bi irabazi: Zarautz eta Portugalete. Horrelakoak baditut batzuk. 24 ordutan baino  tarte txikiagoan ere bai. Eguerdian Teresa Herrera bandera irabazi, A Coruñan (Galizia), eta arratsean, Castropolen berriz ere bandera (Asturias). Errekorra eginda, gainera. Orain urte batzuk kendu zigun errekorra San Juanek.

 

Batzuetan goien, besteetan zuloan… Batean edo bestean egon, ezberdintasunik ba al da?

Bai, bai. Beti. Aldartea ere ezberdina da, onean eta txarrean. Dagoenean neurriz jokatu, eta ez dagoenean, lasai egoten asmatu.

 

Eta gaur egun, zer moduz dago Aita Mari arraun elkartea?

Ondo, oso ondo. Bai mutilak, eta baita neskak ere. San Miguel Ligan mantentzea da gure erronka, eta lortuko dugulakoan gaude.

 

Helburu apalak, mutilen kasuan, baina errealistak.

Jakina. Bide onean goaz, azken astean ikusi den bezala. Bazirudien 11. postu horretatik ihes egiteko modurik ez genuela izango, play-offetan parte hartu beharko genuela, baina estropada onak egin genituen Pasai San Pedron eta Getxon, eta hor gaude. Pasaian muturrean, eta Getxon ere oso aurrean. Ni baikorra naiz, mutilak egunero ikusten ditut, eta badakit gehiago emateko gai direla.

 

Buruak ere lan handia egiten du horrelakoetan.

Handia. Gure arraunlariak pozik daude, 11. postu hori atzean utz dezaketela sinetsita, eta gu baino gorago daudenak, zalantza askorekin, guk geuk aurrea hartu diegula ikusita.

 

9. edo 10. postuan sailkatuz gero konforme zinateketela.

Bai noski. Nahikoa bandera bada guretzat San Miguel Ligan lehiatzea.

 

Eta nesken ontzia zer? Jendea harrituta, onenak zaretelako. Konta ezazu nola sortu zen neskekin taldea egiteko asmoa.

Asmoa aspaldi sortu zen, eta urteak daramatzagu dagoeneko lanean. Getariakin batera egin genuen ontzia, hasieran, eta gero Zumaiak bakarrik. Aurten gaizki ibili ginen ontzia osatzeko, jubenilekin-eta, baina segi egiten duzu, dute, eta sekulako taldea egin dute. Pixkanaka taldea egin dute, eta hor dabiltza, egurrean.

 

Zer suposatzen du Zumaiarentzat neskek Euskotren Liga irabaztea?

Gauza zoragarria. Klubarentzat, neskentzat, Salegi babesle nagusiarentzat, eta beste babesle guztientzat. Babesle behar handia dugu denok, eta bistan da txapel bat irabazteak babesleak erakartzen dituela.

 

Zer moduz moldatzen dira mutilak eta neskak? Zu zeu klubera etorri eta 30-40 arraunlari lanerako prest ikusteak poza emango dizu, ezta?

Bai, eta arraunak batzuk eta besteak kateatzen ditu, iraganean bezala.

 

Goiko gabe non legoke gaur egun Zumaia?

Dagoen tokian. Hemen inor ez da ezinbestekoa, eta nik egiten dudan lana beste edonork egingo luke.

 

Zu zeu eta Calixto Presmanes Pedreñako presidentea zarete klub berean urte gehien daramatzazuenak. Zer pentsatua ematen al dizu horrek?

Aurrea segi behar dela, egoera munduko txarrena izanda ere. Zenbatetan entzun ote dut, une txarretan, “hi, horrela ibiltzeko hobe duk kluba desagertzea”. Orain ondo gaude, eta une txarretan eutsi egin geniolako gaude.

Itzuli