Albisteak 2022

LEHIAKETA

23 Eka 2022

Bilbon jokatuko da denboraldiko lehen estropada

Bilbon jokatuko da denboraldiko lehen estropada

Itsasadarra izango da XIII. eta IV. Bilboko Bandera – Bandera Bilbao estropadaren agertokia. Eusko Label Ligako hogeigarren denboraldiaren eta Euskotren Ligaren hamalaugarren denboraldiaren inaugurazio jardunaldian. 

Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak denboraldi berri batekin ekingo diote datorren larunbatean, uztailaren 2an, Bilboko uretan. Bi lehiaketetako egutegian ezinbesteko jardunaldia bilakatu da Bilboko erlojupekoa, eta denboraldi honetan bi lehiaketen lehen jardunaldia izango da.

Gaur goizean aurkeztu dira Bilboko Udaletxean denboraldi honetako lehen banderak, XIII. eta IV. Bilboko Bandera – Bandera Bilbao. Ekitaldian izan dira Itxaso Erroteta, Bizkaiko hiriburuko Gazteria eta Kirol zinegotzia eta Pedro Olmedillo, ACTko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Errotetak Bilboko Udalak arraunarekin duen konpromiso irmoa azpimarratu du, "kirol estrategiko eta herri kirol gisa". Zinegotziak, gainera, azpimarratu du "Bilborentzat harro egoteko modukoa dela maila goreneko lehiaketa honek hasiera ematea gure itsasadarreko uretan". Azkenik, Errotetak gogoratu du datorren uztailaren 2ko hitzordua "gure kirol tradizioz, historiaz eta nortasunaz gozatzeko aukera paregabea dela".

Bestalde, Olmedillok azpimarratu du "pozgarria da Eusko Label Ligako hogeigarren denboraldia Bilbo bezalako estropada-eremu batean hastea, hiriaren erdialdean, errekaren ikusgarritasunagatik eta hiriko eraikin esanguratsuenekin". Gainera, ilusioz beterik agertu da "Fan Zonearen itzulerarekin, bi urtez gabe egon ondoren, zaleei eskainitako gunea berreskuratu dugu, estropadari kolore handia ematen diona".

Uztailaren 2ko jardunaldia 17:40an hasiko da, Euskotren Ligako lau trainerurekin, non Tolosaldea estreinakoz ariko den lehiaketan. Erlojupekoa udaletxearen parean hasiko da eta Deusturaino luzatuko da, hiriko leku esanguratsuenetatik igaroz, Zubizuriko zubia eta Guggenheim Bilbao Museoa, besteak beste. 

18:13ean gizonezkoen lehiaketari hasiera emango zaio, lau traineruko hiru txandatan banatuta. Lehen txandan izango dira Eusko Label Ligara itzuli berria den Kaiku Berez Galanta, Getariako Arraun Elkartearen debuta, Lekittarra Elecnor eta CR Ares. Bigarren txandan CR Cabo da Cruz, Ondarroa Cikautxo, Bermeo Urdaibai eta Zierbena Bahias de Bizkaia izango dira, eta ohorezko txandan Amenabar Donostiarra UK 100, Orio Orialki, Matrix Hondarribia eta Itsasoko Ama Sotera.

Itzuli