Albisteak 2019

BEREZIAK

04 Uzt 2019

Urdaibai Aviaren nagusitasuna Galiziako uretan

Urdaibai Aviaren nagusitasuna Galiziako uretan

“Bou Bizkaia” ontziak Galizian jokatu diren azken 10 estropadetatik 8tan nagusi izan dira
 

Arrantzale orok betidanik itsasoari errespetua izan dio, eta zer esanik ez arraunlariek, edozein ezusteko topa baitezakete noiznahi; haize boladak direla, itsaso nahasia dela, korronteak direla... arraun denboraldiko estropada eremu guztiak ez dira berdinak izaten, batzuk ibaian jokatzen baitituzte, eta beste batzuk, berriz, itsaso zabalean. Azken eremu horretan, talde bati baino gehiagori kukuak oker jo izan dio, eta horrek puntuen galera dakarkio. Ezusteko horien isla badira Galiziako estropadak, izan ere, urtero oilarren batek huts egiten baitu, eta banderaren lehiatik at geratzearekin batera, sailkapen nagusian ere kolpe latza jasotzen du. 

Baina bada azken hiru denboralditan Galizian jokatu diren estropadetan sendo ibili den eta ezustekorik izan ez duen talde bat: Urdaibai Avia. Bizkaitarrak Galizian azken hiru urteetan jokatu diren 10 estropadetatik 7 bandera irabazi dituzte eta 8tan gailendu dira, hau da, Boiroko hiru estropadetan, Coruñako beste hirutan (bi jardunaldiko estropada) eta Moañako bitan. Horrez gain, jokatutako beste bi estropadetan “Bou Bizkaia” ontziak bigarren eta hirugarren postu bana lortu ditu. Beraz, datu hau kontuan izan da Joseba Fernandezen mutilek asteburu honetan ere dena emango dute Galiziako hiriburuan jokatuko den “III. Cidade da Coruña Bandera” eskuratzeko, jakinda Urdaibai Avia ez den beste talde batek ere ez duela trapu hori etxera eraman.
 

Itzuli