Albisteak 2019
BEREZIAK
03 Uzt 2019
Coruña, asteburu handi baten testigu
Gaur goizean aurkeztu dute datorren asteburuan Riazorreko hondartzan jokoan jarriko den “Cidade da Coruña Bandera”
Uztailean sartu gara jada, eta Eusko Label Ligako traineruak denboraldiaren erritmora egokitzen hasi dira apurka-apurka. Euskotren Ligako lau ontziak, berriz, hasi besterik ez dira egin. Uda luzea izango da 16 traineruentzat eta bidean ibilbide sigisagatsuak topatuko dituzte, eta horietako bat asteburu honetan Coruñako Riazorreko hondartzan (Esclavaseko kai-muturrean) jokatuko den estropada izango da. Ibilbide bihurria eta zati arriskutsuak dituen estropada eremua izango da, baina era berean, erakargarria ikuslegoarentzat.
Bi jardunaldietako (larunbateko eta igandeko) emaitzak kontuan hartuko diren lehen bandera jarriko da jokoan; gizonezkoen mailan "III. Cidade da Coruña Bandera" lehiatuko da, eta emakumezkoen mailan, aldiz, "II. Cidade da Coruña Bandera".
Larunbateko estropada, ohi bezala, arratsaldeko 18:00etan hasiko da Euskotren Ligako estropadarekin. Ondoren, Eusko Label Ligako ontzien txanda iritsiko da. Txandak sailkapen nagusiko ordenaren arabera banatuko dira. Beraz, lehen txandan Astillero Repsol Electricidad y Gas, San Pedro, Lekittarra Elecnor eta Ondarroa Cikautxo ariko dira. Bigarrenean, Kaiku, Cabo, Urdaibai Avia eta Donostiarra lehiatuko dira. Azkenik, ohorezko txandak orain artek ontzi onenak ariko dira: Zierbena Bahías de Bizkaia, Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia eta Orio Babyauto. Igandeko txandak, berriz, larunbateko emaitzaren arabera osatuko dira.
Igandea, 11:40ean emango zaio hasiera Coruñako banderaren bigarren jardunaldiari. Egun horretan jakingo da Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako zein taldeek eramango duten sasoi honetan Galizian jokatuko den lehen trapua etxera.
Banderen aurkezpena gaur eguerdian egin dute Coruñako udaletxean. Ekitaldian Ines Rey Garcia Coruñako alkatea, Juan Borrego Coruñako Kiroleko zinegotzia, Lanzada Calatayud Coruñako Turismo partzuergoko gerentea eta Mario Vidal ACTko Zuzendaritzako kidea egon dira.
Zenbakiek arrazoia ematen diote
Pasa den udan II Bandeira Cidade da Coruña lehiatu ondoren, udalherriak 1.050.000 eurotako eragin ekonomiko zuzena izan zuela ondorioztatu zuen A Coruñako Turismo Sailak eginiko azterketa batek. Gainera, azterketa honet beste ondorio bat atera zuen: estropadak turismoa erakartzeko oso tresna aproposa eta positiboa dela.