Albisteak 2019

BEREZIAK

19 Uzt 2019

Orio eta Portugaletek ezartzen dute txapelketaren erdibidea

Orio eta Portugaletek ezartzen dute txapelketaren erdibidea

Orio eta Portugaletek jasoko dituzte asteburu honetan XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Bandera eta XVIII Ayuntamiento de Sestao Bandera

Oraindik ez da igaro hilabete gure bi txapelketei hasiera eman zitzaionetik, baina jada denboraldiaren erdibidera iristen ari gara Eusko Label Ligan eta Euskotren Ligan. Larunbatean, 18.00etatik aurrera, txapelketa liderren etxera iritsiko da mutilen ligako XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Bandera eta Euskotren Ligako VII. Orio Kanpina Bandera lehiatzeko. Bigarren urtez jarraian estropada eremua itsasoan kokatuko da eta lau kaleto ohiko formatuan izango da. Pasa den urtean, San Juan Iberdrolak nesketan, 10’46”56ko denborarekin, eta Orio Babyautok mutiletan, 19’46”56ko kronoarekin, lortu zuten garaipena. Larunbateko jardunaldia izanik, mutilen estropadako txandak Eusko Label Ligako Sailkapen Nagusiaren arabera osatuko dira. Honela, lehenengo txandan izango dira San Pedro, Astillero Repsol Electricidad y Gas, Lekittarra Elecnor eta Ondarroa Cikautxo. Bigarrenean aldiz, Kaiku, Cabo, Urdaibai Avia eta Donostiarra izango ditugu. Ohorezko txandan, azkenik, Santurtzi Iberdrola, GO fit Hondarribia, Zierbena Bahías de Bizkaia eta Orio Babyauto arituko dira arraunean.
    
Jada igandean, txapelketa Portugaletera igaroko da, 11:40etan Euskotren Ligako II. Ayuntamiento de Sestao Bandera eta Eusko Label Ligako XVIII. Ayuntamiento de Sestao Bandera lehiatzeko. Larunbatean Orioko estropada amaitu ondoren Orio Babyauto, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia Bertako Igogailuak-eko emakumezkoen ontziek denboraldiaren bigarren erdiari ekingo diote Portugaleteko uretan. Behin Euskotren Ligako estropada amaitu ondoren, Eusko Label Ligako traineruen txanda iritsiko da, non txanden eraketa larunbatean Orion lehiaturiko estropadaren sailkapenaren araberakoa izango den. Urdaibai Aviak lortu zuen garaipena Ayuntamiento de Sestao-ko bandera honetan aurreko denboraldian, 19’31”08ko denborarekin, eta estropa honetako markarik onena Astillero Repsol Electricidad y Gas-ek lortu zuen 2010ean, 19’04”13.

Gauzak honela, bi txapelketak puri-purian iritsiko dira asteburu honetara. Gizonezkoetan, Orio Babyautoren ‘San Nikolas’ak jarraitzen du Eusko Label Ligako Sailkapen Nagusiaren lidertzan 89 punturekin, eta Zierbena Bahías de Bizkaia dago bigarren postuan 79 punturekin. CaixaBank Patroi Onenaren Sailkapenean, Arkaitz Diaz, Donostiarrako patroiak jarraitzen du lehenengo postuan eta jada 8 puntuko aldea dauka Iñaki Goikoetxea (Lekittarra Elecnor), Jenaro Zelaia (Ondarroa Cikautxo) eta Borja Gomezekiko (Zierbena Bahías de Bizkaia).

Nesketan ere Orio Babyauto da Euskotren Ligako sailkapenean lehena 23 punturekin eta Donostia Arraun Lagunak dago bigarren, 4 puntura. Oriotarrak ere Patroi Onenaren sailkapeneko lehen postua daukate, non Nadeth Agirrek 16 puntu dituen, Donostia Arraun Lagunakeko Andrea Astudillorekiko 6 puntuko aldearekin.

Itzuli