Albisteak 2012
ELKARRIZKETAK
05 Ira 2012
"DENBORALDIA OSO ONA IZAN DA, BAINA ERREMATEA EMATEA FALTA ZAIGU"
Ibon Huegun, Orio-Babyauto klubeko presidentea
Ibon Huegunek urtebete darama Orioko arduradun nagusi jardunean (Orio, 39 urte). Kluba KAE1 Ligara jaitsi ondoren hartu zuen, euren historiako une gaiztoenetakoan, baina San Miguel Ligako atarian dago 12 hilabete geroago. Atarian, eta kanporaketaren zain, faborito gisa denen ahotan: “Gurea egiten badugu, bi onenen artean egongo garela sinetsita nago”, dio ziurtasunez, beste aurkariei errespetu handia erakutsiz.
KAE1 Ligan erabat nagusi izan zarete. 12 bandera, aurkariak urrun… Ze balantze egiten duzu?
Oso balantze ona. Inork ez ditu jokoan jarritako bandera guztiak irabazi, eta horri bere balioa eman behar zaio. Inork egin ez badu, ez da hain erraza izango.
Kanporaketari begira, garbi dago Santurtzi-Iberdrola baino gehiago izan zaretela, baina Amegrove Travel Viabus eta Zumaia Altuna y Uriarekin, ez dago erreferentzia garbirik. Nola ikusten duzu kanporaketa?
Gure helburu nagusia iraileko hirugarren asteburua zen. Maila galdu ostean, elitera itzuli lehenbailehen. Ondo gaudela uste dugu. Asko egin dugu, baina ezer ez ere bai, kanporaketako emaitzak finkatuko duelako gure denboraldia arrakastatsua izan den edo ez. Errematea ematea falta zaigu. Urte osoa bi egunetan jokatuko da. Guk gure lana ondo egiten badugu, gure kasta ateratzen badugu, mailaz igotzeko aukera handia dugula esango nuke. Besteen jardunari erreparatu gabe.
Ze giro sumatzen duzu klubean eta herrian? Urduritasuna, grina, presioa…
Klubean lasai gaudela esango nuke. Santurtziri estropada guztiak irabazi dizkiogu, eta Kontxako sailkapenekoan ere Sotera eta Zumaiaren aurretik ibili ginen. Halere, Zumaiaren aurkako borrokan ez dugu datu zehatzik. Haiek San Miguel Ligan lehiatu dira, astebururo bi estropadetan lehiatu, eta horrek halako plus berezia ematen dizu, lehiakortasun berezia.
Eta nola argitu zalantza hori?
Zaila. Gipuzkoako Txapelketan eta Kontxan bakarrik neurtu ditugu indarrak elkarren aurka. Bietan itsaso zakarra, eguraldi txarra, eta batean Zumaia nagusi, bestean gu, ezin alderaketa zehatza egin.
Ba al dago halako borroka psikologikorik kanporaketan parte hartuko duzuen ontzien artean? Batak bestearen buruko indarrean eragiteko gogoa?
Pikea ez dakit. Klub bakoitzak bere ondorioak aterako ditu. Gu non gauden ezin jakin. Denek faboritotzat jotzen gaituzte, eta horrek halako antsietatea, urduritasuna eta presioa sortzen ditu.
Eta nola kudeatu presio hori?
Beno, lasaitasunez jokatuta. Orio oso gutxitan egon izan da oraingoa bezalako egoeretan, igotzeko behar horretan. Orio eta arrauna, arrauna eta Orio, oso lotura estua izan dute betidanik, eta herrian langa, exijentzia, beti izan da oso handia. San Miguel Ligan aritu, eta maila galdu duen taldeak bizpahiru urteko epea hartzen du berriro elitera bueltatzeko, ziklo berri bat hasteko, baina Orion ez dago halakorik. Maila galdu bezain pronto helburua lehenbailehen San Miguel Ligara bueltatzea zela erabaki zen.
Banan bana. Santurtzi. Ze iritzi duzu?
Hiruzpalau urte daramatza proiektu bat garatzen, San Miguel Ligako kide izateko helburuarekin. Dirua inbertitu dute, eta gu erregularrak izan bagara, beraiek ere bai. 10, 15 segundora? Bai, baina erregularrak. Estropada guztiak ikusi ditut eta bigarren edo hirugarren ziaboga arte estutu egin gaituzte. Egun ona badute, arriskutsuak dira.
Amegrove. Nork jakin? Are gehiago Chapelak Kontxan eman duen maila ikusita, Amegrove haien pare ibili delako Galiziako Traineru Ligan. Beldur gehien ematen dizuen aurkaria al da?
Baliteke. Datu bakarra dugu, haien indarra neurtzeko, eta datu kezkagarria da. Galiziako txapelketan Tiranek zortzi segundo bakarrik atera zizkion, eta kanporaketan maila hori, edo Chapelak Kontxan eman duenaren parekoa ematen badute, kontuz.
Eskerrak Chapelak kanporaketan parte hartzeari uko egin dion, ezta?
Beno, guk gureari begiratu behar diogu, baina bat nator Gabanchok esandakoarekin, kanporaketako maila aspaldiko handiena dela.
Zumaiak denbora darama kanporaketa prestatzen, 11. postu hori ezingo zuela saihestu jakin ostean.
Uztaila bukaeraz geroztik euren burua kanporaketan ikusiko zuten agian, eta prestakuntza aldatu egin dute. Zumaia arriskutsua da. Astebururo onekin aritu da, larunbat eta igande, larunbat eta igande, eta batzuetan, ontzi indartsuei aurrea hartuta. Guk behin bakarrik egin dugu arraun larunbat eta igandean, eta horrek ere bere eragina badu. Haien aldeko beste faktore bat da beti hor ibiltzen direla, muga-mugan, sufritzen, kanporaketan parte hartzen… Eskarmentua dute, badakite bi estropada horiek nola prestatu, eta guk ez. Zulotik ateratzen iaioak dira.
Gaur-gaurkoz, zer esaten dizu bihotzak eta buruak?
Bihotzak, Orio, eta buruak ere bai, balio handia ematen diodalako neguan egin dugun lanari, eta KAE1 ligako emaitzei. 12 banderak irabazi ditugu, denak, eta horrek talde indartsua garela esaten dit. Guk gure lana ondo egiten badugu, goian ibiliko gara ziur.
Bi estropada, bi arraun eremu ezberdin, erabat. Batean itsaso txarra egoteko arriskua, bestean korronteen gorabeherak. Denek diote Bermeo erabakigarriagoa izango dela, ados?
Bai. Zorionez kale batetik edo bestetik arraun egiteak izan dezakeen eraginaz salbu gaude, kale beretik eta erlojupekoan irtengo garelako, lau minutuko tartean. Bermeon itsaso txarra badago denontzat egongo da.
Ez dakit Orio bezalako beste herririk egongo ote den arraun munduan, arrauna hainbeste bizi duen herria. Presioa sumatuko duzue, noski. Hainbesterako al da?
Bai. Hemen bigarren etortzea porrota izan da historikoki. Urteak aurrera joan ahala langa handi hori samurtzen joan dela esango nuke, zaleek arrakasta edukitzea zaila dela ulertzen hasi direla. 2010 bezalako urteetan hiruzpalau bandera irabazi genituen San Miguel Ligan, Kontxan lan duina egin, eta horri ere bere balioa eman zaio, hori lortzea ez delako erraza. Arrauna asko aldatu da, klubek diru guztia ontzi bakarrean inbertitzen dute, eta guk, aldiz, azpiegitura bikaina dugu: bi traineru, neskak, gazteak… Jendeak beti nahi du gehiago. Egun hauetan urtebete gu lanean hasi ginela, eta gogoratzen naiz jendeak zer esaten zuen iaz: “hi, lasai, aurten mailaz igo eta gero gerokoak”. Gero, klubera herriko arraunlari onak etorri direla ikusi du zaleak, eta berehala hasi da: “hi, igotzeko baino zerbait gehiagorako badaukagu, ezta?”. Eta orain, 12 bandera irabazita, ba pentsa. Presioa handia da.
Zeuk esan duzu. Urtebete lanean. Erabaki ausarta. Zer moduz moldatu zarete?
Gu oso gustura. Giroa ez zen on-ona, egoera sosegatu da, eta herriak babes handia eman dugu. Babeslea galdu eta berri bat lortu genuen, 300 bazkide berri, herriko hainbat enpresen laguntza… Orion bada esaera zahar bat: “jendea isilik, Orio atzetik”, dioena. Bigarren mailan gaude, bai, baina herriak San Miguel Ligan bageunde bezala lagundu gaitu. Alegia, jendea ez dela isilik geratu.
Herriko arraunlarien aldeko apustu garbia egin zenuten, eta emaitza ezin hobea izan da.
Bai, aulki finkorako Igor Makazaga eta Mikel Portularrume 'Paorra' lotu genituen, eta Miguel Angel Millares aulki mugikorrerako. Ondoren, han eta hemen zeuden oriotarrei deitu eta eskaintza egitea izan zen gure lehen lana. Jendeak baiezkoa eman zuen, guregana etorri, proiektuan sinetsi du, eta dena ondo joan da. Ilusioa sortu da.
Burutik pasa ere ez zaizu egingo, Oriok igoera ez lortzea. Kolpe ikaragarria litzateke ezta?
Bai, gauzak diren bezala, kirol mailan bai, helburu hori gauzatzeko egin dugulako urte osoa. Helburu bat finkatu genuen, eta helburu hori bete gabe utziko genuke. Kontutan hartu behar da, halere, besteek ere arraun egiten dutela, eta arrauna ez dela matematika bezain zehatza.
San Miguel Ligak 10 urte egin ditu. Zuek bertan egon zaitezkete hurrengo denboraldian. Nola ikusten duzu ligaren etorkizuna?
Liga sortzeak arrauna itxuraldatu zuen erabat. Lehen lau estropada eta Kontxa ziren, orain liga arautu bat daukagu, eta udan arrauna da hizpide nagusia Kantauri Itsasoan eta bertako prentsan. Hobetzeko gauzak badaudela? Jakina, baina pausoz pauso. Nik urtebete bakarrik daramat, baina gauzak ondo egin direla uste dut. Telebista sartu da, ordutegi finko batzuk ditu, jarraipen handia du eta hori ona da guretzat. Propioen gaian, nik uste dut harrobia lantzeko politika aproposa dela, eta gu behintzat ados gaude.