Albisteak 2013
LEHIAKETA
05 Aza 2013
DOPINAREN AURKAKO KONTROLAK 2013
Elkartea sortu zen unetik egiten ari den bezala, 2013an ere ACTk dopinaren aurkako plangintza garatu du bere arraun lehiaketan. Bertan parte hartu duten kirolariei debekatutako sustantziak, edo kirolean debekatuta dauden metodoak antzemateko kontrolak egin dira.
2013 denboraldian dopinaren aurkako 100 kontrol egin dira. 38 lehiaketan egindakoak izan dira, eta 62, lehiaketatik kanpo. Egindako kontrol guztietatik 34 kontrol espezifikoak izan dira, EPO-rh delako sustantzia antzemateko, eta beste 8 kontrol, CERA eta hemoglobina sintetikoak antzemateko odol lagin fisiologikoak.
Kontrolak egiten dituen homologatutako laborategiak eskura dituen baliabide eta teknikekin, aztertutako laginetan ez da debekatutako sustantzia edo metodorik antzeman. Ezta erreferentzia zerrendetan dauden sustantzia horien metabolito edo markadoreak ere.
2013ko dopinaren aurkako borrokan nabarmentzeko modukoa izan da ACTk, elkarteko kide diren klubetako kideei egindako kontrolez gain, San Miguel Ligan lehiatu nahi eta igoera play-offean parte hartu nahi zuten ARC eta LGT ligatako kirolariei ere egin dizkiela kontrolak.
Dopinaren aurkako kontrolez gain, ezustean beste 67 odol lagin ere bildu dira, sailkapenean ondoen sailkatuta zeuden klubetako arraunlarienak, hain zuzen ere. Lagin horietan parametro hematologiko jakin batzuk aztertu dira, dopatzeko sustantzien erabilerak eragindako balizko aldaketak antzemateko asmoz. ACTk ezustean egindako odol kontrol horiei, klub guztiek denboraldiko bi data jakinetan aurkeztu beharreko analitikak ere gehitu behar zaizkio.
Lortutako odol lagin guztiak kirolari bakoitzaren profil hematologikoa egiteko baliatzen dira, eta horri esker, profil horretan gerta litezkeen aldaketak antzematea ahalbidetu da. Aldaketa horiek dopatzeko produktuen erabileraren erakusle lirateke. Halere, 2013an bildutako odol lagin bakar batek ere ez du EPO-rh sustantziaren aldagarriren bat, edo erreferentzia zerrendan agertu eta odol balioak eta oxigeno garraioa hobetuko lituzkeen debekatutako metodoren baten erabilpena adieraziko luketen balio edo parametrorik erakusten. Ez banan bana, ezta talde mailan ere.
Dopinaren gaiak kirolean egun daukan garrantzia aintzat hartuta, ACT elkartearen nahia da, dituen baliabideekin, bere lehiaketaren baitan dopinaren aurkako programa garatzea hurrengo denboraldietan.