Albisteak 2012

LEHIAKETA

15 Ira 2012

KAIKU AMBILAMPEK ERAKUSTALDIA EMAN, ETA BERMEOKO IKURRINA, SAN MIGUEL LIGA ETA MAPFRE KOROA IRABAZI DITU

KAIKU AMBILAMPEK ERAKUSTALDIA EMAN, ETA BERMEOKO IKURRINA, SAN MIGUEL LIGA ETA MAPFRE KOROA IRABAZI DITU

Orio Babyautok eta Zumaia Altuna y Uriak  aurrerapauso handia eman dute 2013an San Miguel Ligan lehiatzeko

Kaiku da San Miguel Ligako txapelduna, eta Mapfre Koroaren garailea. Nola, gainera! Bizkaitarrak bere nagusitasun handia erakutsi du hamaikagarrenez, eta aurkariei batere aukerarik eman gabe, BERMEO HIRIKO XXX. IKURRINA irabazi. Hasieratik hautsi zuen estropada Sestaoko ontziak, haiek gustukoa duten moduan, eta estropada hasi eta bukatu, ia-ia batera gertatu ziren. Hondarribia Orsak bakarrik eutsi zion lehen ziabogan, buelta bi segundora emanda. Ondoren, ez zen estropadarik egon. Hondarribiko berdeek zortzi segundo galtzen zituzten bigarren ziabogan, eta Tiran-Pereira eta Urdaibai Umpro Avia gero eta urrunago zeuden: 15 segundo galiziarrak, 20 etxeko trainerua, ahazteko moduko jardunaldian.

 

Azken bi luzeak tramite hutsa izan ziren. Tramite eta miresmena Kaikurekiko. Hirugarren ziabogan 14 segundora baitzegoen jada Hondarribia. Tiran 17ra, eta Urdaibai 20ra. Zalantza bakarra geratzen zen argitzeko. Hiru ontzietako zein geratuko zen ohorezko txandako bigarren postuan. Garaipena erabakita zegoen aspaldi, eta Kaiku lasaitu egin zen azken 200 metroetan, atzoko garaipen historikoa behar den moduan ospatzeko. Helmugako aldeek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 13 segundo Hondarribiari, 16 Urdaibairi eta 24 Tirani.

 

Lehenengo txandan, Astillerok, Castrok eta San Pedrok lehia estua mantendu zuten, eta estropada buruan ibili ziren tarteka. San Pedro Ecolmarek aurrea hartu zuen lehen ziabogan, baina tarte handirik gabe, lau ontziak bi segundoko denboran eman baitzuten itzulia. San Juan atzean geratu zen bigarren luzean, eta Castrok estropada hauts zezakeela zirudien, lau segundoko zuloa irekita. Ez zen hala izan, Astillero eta San Pedro gainera etorri zitzaizkiolako Castrori. Azken luzean, Astilleroko urdinak izan ziren indartsuenak, eta ohorezko txanda irabazi, San Pedrori bost segundo eta Castrori 11 segundo sartuta.

 

Orio eta Zumaiaren aurrerapausoa

 

San Miguel Ligako 17. estropada puntuagarria baino lehen igoera/jaitsiera kanporaketako lehen jardunaldia jokatu zen, eta Orio Babyautok eta Zumaia Altuna y Uriak aurrerapauso handia eman zuten, 2013an San Miguel Ligan arraun egiteko. Oriokoak elitera bueltatzeko, eta zumaiarrak, bertan mantentzeko. Oriok sekulako estropada egin zuen, eta faborito argia zela zioten aurreikuspen guztiak bete.

 

Hasierako txanpatik erakutsi zuen bere indarra Oriok. Igor Makazagak prestatzen dituen mutilak egurrean abiatu ziren, aurkariei postua inork ez ziela kenduko adierazteko. Lehen ziabogan Oriok erabakita utzi zuen estropada. Bederatzi segundo sartu zizkien Amegrove eta Zumaiari, eta 13 Santurtziko Soterari. Oriok, halere, eman eta eman jarraitu zuen, zuloa handitzen, eta bigarren posturako borroka izan zen ikusgarriena. Batzuetan Amegrove zen nagusi, besteetan Zumaia pare-parean jartzen zen. Izan ere, asko zegoen jokoan bigarren postu hori lortzeko.

 

Galiziarrak indartsuagoak ziren luzeetan, baina Zumaia gainera etortzen zen ziabogatan. Ziurrenik ‘platanito’ ontziari esker, ziabogatan azkarrago sartzen baita. Bigarren ziabogan, lehenengoan gertatutako gauza bera: denbora berdina Amegrovek eta Zumaiak, eta Sotera nahiko gertu, hiru segundora.

 

Hirugarren luzea erabakigarria izan zen. Zumaia Amegrove atzeratzen has izen pixkanaka, segundoak galtzen, eta galiziarrek pott egin zuten. Erremediorik gabe, ia, hirugarren ziabogan zortzi segundoko atzerapena baitzuten galiziarrek. Kaitik berriak aitaren batean iritsi ziren Zumaiako ontzi barrura, eta zortzi segundoak 14raino handitu ziren. Sotera ere sendo mantendu zen, eta horri esker, estropadako hirugarren postuan helmugaratu zen, Amegrove segundo bateko tartearekin gaindituz (Zumaiarengandik 13ra).

 

Bihar eguerdian jokatuko da bigarren jardunaldia, Portugaleten, baina gauza arraro asko gertatu beharko lirateke Oriok eta Zumaiak Bermeon lortutako lehen bi postuak galtzeko. Oriok erabat ziurtatua du txartela, eta Zumaiak, ia-ia.

Itzuli