Albisteak 2011

LEHIAKETA

23 Aza 2011

DOPINGAREN AURKAKO MEMORIA

DOPINGAREN AURKAKO MEMORIA

Elkartea jaio zenetik egin bezala, 2011 urtean ere ACTk dopinaren aurkako plangintza burutu du berak antolatzen duen lehiaketan, klubei eta klubetako kirolariei hainbat kontrol eginez. Helburua kirolean debekatuta dauden metodo edo substantzien erabilera edo kontsumoa antzematea da. Kontrol horiek San Miguel Ligan, gizonezkoen kategorian, eta Eusko Tren Ligan, emakumezkoen kategorian egin dira.

Gauzak horrela, 2011 sasoian dopinaren aurkako 83 kontrol egin dira denera. Horietatik 33 lehiaketetan egindako kontrolak izan dira, eta beste 50, lehiaketatik kanpo egindakoak. Kontrol guzti horien artean, EPO-rh sustantzia antzemateko egindakoak nabarmendu beharko lirateke: 24, hain zuzen ere. CERA deritzan sustantzia antzemateko lanean ere, 8 kontrol egin dira, odol lagun fisiologikoak oinarri gisa hartuz. Datu horren harira, 2011 odol dopina antzemateko kontrolak egin diren lehen urtea izan dela azpimarratu nahi du elkarteak, ACTrentzat lan egiten duen laborategiak kontrol horiek egiteko beharrezkoak diren teknikak eskura izan dituen lehen urtean, hain zuzen ere.

Dopinaren aurka egiteko laborategiak egun dituen teknika analitikoak aintzat hartuz, ez da debekatutako inolako sustantzia edo metodoren erabilerarik antzeman. Ez behintzat erreferentzia zerrendan agertzen den sustantzia edo metodorik.

Era berean, dopinaren aurkako kontrolez gain, denboraldian elkarteko kide diren klub guztietako 208 arraunlariren odol laginak hartu ziren, parametro hematologiko jakin batzuk aztertu, eta dopatzeko produktuen erabilerak eragin ditzakeen balizko eraldakuntzak ezagutzeko asmoz. Egindako analitiken odol datuek ez dute erakusten odol balioak eta oxigeno garraioa hobetuko lituzketen EPOa edo erreferentzia zerrendan agertzen diren debekatutako beste sustantzien erabilera susmorik. Ez banan bana, ezta talde mailan ere.

Bestalde, komenigarria da honakoa gogoratzea: kirol arloan epaitzen diren dopinaren aurkako arau hausteak froga gisa erabil daitezkeela Zuzenbidearen arloan. Horrela jasotzen da ACT elkarteko Dopinaren Aurkako Arautegiko 2.2 artikuluan, WADA-AMA elkarteetako Dopinaren Aurkako Munduko Kodeak dioenarekin bat eginez. Kirolariek edo kirol klubek kirol elkarte batean edo lehiaketa batean egin ditzaketen zigortzeko moduko lege edo arau hausteak ez dira positiboen edo dopatzeko sustantzien aurkikuntza hutsera mugatu behar. Harago joan eta indarrean dauden lege eta arauak aplikatu behar zaizkie, arau hauste horren aurkako ekinbidea ACT elkarteko dopinaren aurkako batzordeak abiatu edo ez.

Kirolak gaur egun daukan garrantziaren jakitun, ACT elkartearen nahia da berak antolatzen dituen lehiaketetan dopina kontrolatzeko programa bat egiten jarraitzea, horretarako eskura dituen baliabide guztiak erabiliz.

Itzuli