Albisteak 2011

LEHIAKETA

24 Abu 2011

SAN MIGUEL LIGA BOR-BOR DAGO SAILKAPENAREN ZULOAN; ORIO ETA CAMARGO ELITEAN MANTENTZEN SAIATUKO DIRA

SAN MIGUEL LIGA BOR-BOR DAGO SAILKAPENAREN ZULOAN; ORIO ETA CAMARGO ELITEAN MANTENTZEN SAIATUKO DIRA

Puntu bakarreko aldea dago bi ontzien artean, mailari eusteko lehian; oriotarrek etxean egingo dute arraun, baina haien aurka ere egin dezake horrek

Orio, abuztuaren 24a. - San Miguel Liga-Mapfre Koroak etapak betetzen segitzen du, eta Orion egingo du geltokia larunbatean. Denboraldiko 16. estropada puntuagarria izanen da: XXI ORIOKO ESTROPADAK - XIV INMOBILIARIO ORIO IKURRINA. Emozio asko eta desberdinak pilatuko diren estropada, asko baitago jokoan. Batez ere etxeko ontziarentzat, ohituagoa baitago arrakastarekin, eta apenas sailkapeneko zuloan bizitzen. Orio-Amenabar sailkapeneko 11. da, eta Camargo, mailari eusteko bere aurkari sendoena, puntu bakarrera kokatu da Hondarribi eta Pasai Donibaneko estropadak jokatu ostean. Drama, emozioa, poza, tristura, edo denak batera. Ikuskizun gorena. Puntu bat ez da ezer, baina asko izan daiteke. Orio eta Castroko estropadek erabakiko dute ze ontzik galtzen duen maila, nork jokatuko duen kanporaketa, baina ez Oriok, ez Camargok, ezin dute lasaitu. Orioko estropadak erabaki dezake auzia, edo zalantza azken unea arte mantendu, Castron.

Estropada datorren larunbatean jokatuko da, abuztuak 24 dituela, arratsaldeko 6retan hasita. Txandak San Miguel Ligako sailkapenaren arabera erabakiko dira, eta oriotarrek euren zaleen epelean arraun egitea edukiko dute alde. Halere, ustezko abantaila hori euren aurka ere bihur daiteke, gauzak ondo egiteko presioagatik, eta urduritasunagatik. Camargo behetik gora dator. Zazpi puntu kendu dizkio asteburuko bi estropadetan Oriori, eta buruz, behintzat, bete-betean ariko dira. Beste borroka batean daude Kaiku, Urdaibai eta Hondarribia: banderak irabazteko borrokan. 17:30tan Gipuzkoako Emakumezkoen Ligaren azken jardunaldia jokatuko da eremu berberean.

Gaur eguerdian egin da estropadaren aurkezpen ekitaldia, Orioko Udaletxean. Hara bertaratu dira Orioko Alkate Ordea, Mirian Uranga anderea, José Luis Ayestaran jauna, Inmobiliaria Orioko ordezkaria, Bixente Lasa jauna, Kirol Zinegotzia eta José Ramón Garate jauna, Klubeko Zuzendaria. Ontziek ohiko distantzia osatu beharko dute, lau luze eta hiru ziaboga, 5.556 metro denera. 22.500 euro banatuko dira diru saritan, eta Orioko Arraun Elkartea izanen da antolatzailea. Babeslea, aldiz, Orio Inmobiliaria etxea.

Itzuli