Albisteak 2024
LEHIAKETA
09 Uzt 2024
Trainerurik onenak Bilbora itzuliko dira larunbatean
Uztailaren 13an, Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako arraunlariek erlojupekoa jokatuko dute Ibaizabalen.
Gaur goizean XV. Bilboko Bandera-Bandera de Bilbao eta VI. Bilboko Bandera-Bandera de Bilbao aurkeztu da. Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Zinegotzia eta Borja Rodrigo, ACTko presidentea izan dira ekitaldia aurkezteko arduradunak.
Ibaizabalek Bizkaiako hiriburuan egiten duen ibilbidea izango da lehiaketako hirugarren asteko protagonista. Guggenheim museoa, Zubizuri, Salbeko zubia… traineru ligen maila gorenaren lekuko izango dira datorren uztailaren 13an.
Ibaiaren bi ertzak kolorez beteko dira Euskotren Ligarekin eta Eusko Label Ligarekin batera. Erlojupeko ibilbideak, teknikoa eta exijentea eskifaientzat, ikuskizun bikaina eskainiko die arraunzaleei.
Itxaso Erroteta Bilboko Gazteria eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, "maila goreneko kirol-topaketa" da, eta "urtero ikusmin handia sortzen du zaleen artean. Kirola eta ikuskizuna uztartuta, gure itsasadarraren inguruan, euskal kulturari eta tradizioei lotuta, gure sustraietara itzultzen gara. Bilboko Bandera bihurtu den festa handian parte hartzera animatzen ditut herritarrak".
Borja Rodrigok, ACTko presidenteak, Eusko Label eta Euskotren Ligen egutegian data honek duen garrantzia azpimarratu du: "aurtengoa Bilboko Banderaren hamabosgarren edizioa da. Hiri honek eskaintzen digun estropadak ez du parekorik. Egutegiko erlojupeko bakarra da, eta Bilboko eraikin garrantzitsuenen inguruan egiten den ibilbidea benetan berezia da. Gainera, estropada oso gogorra eta teknikoa da, ikuskizun handia izaten da".
Irteera sailkapenaren alderantzizko ordenan
Irteerako ordena sailkapenaren alderantzizkoa izango da eta, beraz, emakumezkoen lehiaketan SD Tiran Pereira izango da irteerako lerroa hartuko duen lehena, ondoren Hibaika Jamones Ancin, CR Cabo da Cruz eta Hondarribia Bertako Igogailuak izango dira. Bigarren txandan Nortinadal Donostiarra, Orio Orialki, Tolosaldea Arraun Kluba eta Euskotren Ligako liderra den Donostia Arraun Lagunak aterako dira.
Gizonezkoen lehiaketa, S.M. Bueu-Simeirekin hasiko da eta ondoren San Pedro-Harri, Kaiku Berez Galanta eta CR Cabo da Cruz arituko dira. Bigarren txandan Lekittarra Elecnor, Ondarroa Kide, Getaria eta Amenabar Donostiarra lehiatuko dira. Amaitzeko, azken lau traineruak arituko dira, Orio Orialkirekin hasi eta ondoren Orsa Hondarribia, Zierbena Bahias de Bizkaia izango dira, Bermeo Urdaibaik itxiko du Ibaizabaleko lehia.