Albisteak 2023

BEREZIAK

18 Eka 2023

Euskotren Ligaren ibilbidearen errepasoa

Euskotren Ligaren ibilbidearen errepasoa

Galan emandako bideoa Euskotreneko Amarako geltokian grabatu zen, eta bertan Eli Pescadorrek, Andrea Oubiñak eta Maite Zunzunegik parte hartu zuten.

Euskotren Ligak hamabosgarren edizioa beteko du aurten, eta oso modu berezian egingo du. Lehen aldiz, zortzi traineruk parte hartuko dute emakumezkoen uda osatuko duten hamalau jardunaldietan. Mugarri berezi honetarako, ACTk bere ibilbidea errepasatu nahi izan du bideo baten bidez.

Atzo Euskalduna Jauregian egindako Galara bertaratutakoek Euskotren Ligaren ibilbidea errepasatzen zuen ikus-entzunezko proiekzioaz gozatu ahal izan zuten. 2009an sortu baino lehenagoko eta gaur egun arteko irudiekin, eta lehiaketa jaio, hazi eta sendotzen ikusi duten hiru protagonistekin; Eli Pescador, Andrea Oubiña eta Maite Zunzunegi.

Maite Zunzunegi Gipuzkoako selekzioko entrenatzailea izan zen ACTren antolakuntzapean jokatutako emakumezkoen arraunaren lehen erakustaldian. Zaragozako uretan izan zen 2008ko ekainaren 29an, Uraren Banderarekin batera, eta bertan Bizkaiaren aurka lehiatu ziren.

Hurrengo udan hasi zen Euskotren Liga lau selekziorekin: Bizkaia, Katalunia, Galizia eta Gipuzkoa. Gipuzkoako traineruan, egun Donostia Arraun Lagunak taldeko Eli Pescador arraunlariak hartu zuen parte, eta Orialki Orioko Andrea Oubiña arraunlariak bere lehen Euskotren Saria irabazi zuen Galiziarekin.

Hiru protagonistak Euskotreneko Amara Geltokian elkartu ziren, emakumezkoen banku finkoko arraunaz eta egungo Euskotren Ligak izan duen aurrerapenez hitz egiteko eta euren iritziak partekatzeko.
 

Itzuli