Albisteak 2022
LEHIAKETA
10 Abu 2022
Eusko Label eta Euskotren Ligetako Ondarroako banderak jokatuko dira larunbatean
Ondarroako XXXVIII. Bandera-Cikautxo Sari Nagusia. Hori izango da zapatu arratsaldean Ondarroako badian lehian egongo den bandera, bai Eusko Label ligako estropadan eta baita Euskotren ligakoan ere. Neskena izango da lehenengo, 17:40ean eta ondoren mutilena, 18:13ean.
Beste urte batez arraun munduko goi mailako kirol ekitaldi hau herrian egiteaz pozik agertu dira banderen aurkezpenean Zunbeltz Bedialauneta Alkatea eta Koldo Azpiazu Ondarroa Arraun Elkarteko presidentea: "estropada eguna egun berezia izaten da herrian. Goizetik igartzen da giro berezia eta herritar askok parte hartzen du era batera eso bestera estropadan, bai laguntzen edo baita ikusle moduan", azpimarratu du Alkateak. "Aurten gainera bereziki babestu behar ditugu herriko taldeko arraunlariak, etxeko estropada on bat egin eta beheko postuetatik aldentzeko. Dei egiten diegu herritarrei goizetik kamiseta gorriekin herria girotzera, kirolariek ere sentitu dezaten herriaren babesa", gehitu du Alkateak.
Nesken estropadan talde hauek parte hartuko dute: Orio, Arran Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea. Mutilen estropada talde hauek osatuko dute. Lehen txandan Ondarroa Cikautxo, Santurtzi, Ares eta Cabo da Cruz arituko dira. Bigarrenean, Lekittarra, Zierbena, Getaria eta Kaiku, eta ohorezko txandan Bermeo Urdaibai, Orio, Donostiarra eta Hondarribia.
Estropadako zaleen gunea Itsasaurreko karpan egongo da kokatuta eta bertan, besteak beste, pantaila erraldoia, Eusko Label produktuez gozatzeko aukera, lehiaketako garagardoa dastatzekoa, Keler, Caixabank Koroa eta Euskotren Garaikurrarekin argazkia ateratzeko aukera izango da.