Albisteak 2018
ELKARRIZKETAK
05 Eka 2018
"Kategoria ez galtzea da nire helburua"
Aste honetan Benjamin Vazquez, Tirán Pereira-ko entrenatzailea elkarrizketatu dugu. Honek, denboraldi honetako helburu nagusienari buruz hitz egin digu, beste hainbat gauzen artean
Eusko Label Ligari hasiera emateko atzerako kontaketa aurrera doa, eta esperoa geroz eta gogorragoa da. Egun hauek bizkorrago pasatzeko elkarrizketa berri bat dakarkizugu, Benjamin Vazquez, Tirán Pereira-ko entrenatzailea protagonista delarik. Honek aurtengo denboraldiko sentsazioei buruz hitz egin digu, baita bere helburu nagusienari buruz.
Benjamin Vazquez bere taldeak izandako aldaketei buruz hitz egiten hasi da “13 pertsona joan dira eta taldea osoa berregin behar da”. Aurtengo urteari buruz dio “iazko urtean ziklo bat amaitu zen eta orain berriz ere lehian aritzeko gogotsu gatoz. Jende berriarekin, ilusio handiz eta eginiko lanarekin oso pozik”.
Hau horrela izanda, taldea berriz egin behar izan du Benjaminek, honi buruz ondorengoa dio“hasieran bi bloke ezberdin genituen, arraunean ibilitako eskarmentu handiko kirolariak alde batetik eta bestetik gogotsu datorren jende gaztea”.Gainera, ondorengoa gehitu du “pixkanaka bi talde hauek elkartzen joan dira eta orain talde oso bat osatzen dute”. 2018ko Eusko Label Ligari Buruz dio “estropada gehiago hurbilago edukitzea gustatuko litzaiguke, baina ohituta gaude eta argi daukagu zertara goazen”.
Aurtengo ligan egongo den lehia argi dauka “goian betikoak arituko dira; GO fit Hondarribia, Orio Babyauto, Urdaibai Avia y Zierbena Bahías de Bizkaia. Aurten igotako bi taldeak ere oso indartsu datoz eta goian arituko direla uste dut”. Galiziako beste taldeari buruz ondorengoa dio “Cabok jauzi handi bat eman du eta oso gogor dabiltza”.
Amaitzeko, Tirán-eko entrenatzaileak bere helbururik handiena zein den aitortu du “badakigu denboraldia ez dela erraza izango, iazko urtearekiko jende asko galdu dugu , baina kategoria ez galtzea da nire helburua”.