Albisteak 2024
LEHIAKETA
12 Ira 2024
L. El Corte Ingles-Portugaleteko Udala Bandera, 2024 denboraldiari urrezko amaiera
Portugaleteko hiriak amaiera emango dio 2024ko denboraldiari igande honetan, Eusko Label Ligako azken jardunaldiarekin eta Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako play-offekin.
LIV Sari Nagusia - L. El Corte Ingles-Portugaleteko Udala Banderak emango dio amaiera denboraldiari igande honetan. Bizkaiko udalerria izango da Eusko Label Liga amaituko den eta Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako play-offetako azken jardunaldiak jokatuko diren tokia. Gaur eguerdian L. El Corte Ingles-Portugaleteko Udala Bandera aurkeztu da hiriko udaletxean. Bertan izan dira Borja Rodrigo, ACTko presidentea, Mª José Blanco, Portugaleteko alkatea eta Carmelo Lezana, Euskadiko El Corte Ingleseko Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendaria.
Rodrigo izan da hitza hartzen lehena, eta eskerrak eman dizkie El Corte Inglesi eta Portugaleteko Udalari. "Denboraldi honetan 50. edizioa duen Bandera historiko baten aurrean gaude. Gainera, oso garrantzitsua eta berezia da ACTrentzat, denboraldi berri eta handi bati amaiera ematen zaiolako. Portugalete estropada bat ospatzeko eszenatokirik onena da, bere inguruagatik, eta zaleentzat erakargarria", nabarmendu du ACTko presidenteak.
Carmelo Lezanak, El Corte Ingleseko Komunikazio eta Harreman Instituzionalen zuzendariak, hitzordu honen balio historikoa azpimarratu du: "Aurtengoa urte berezia da guretzat, El Corte Inglés-Portugaleteko Udala Banderaren 50 edizio beteko baitira. Eguna eta ospakizuna borobila da eta, zalantzarik gabe, arraun egun biribila izango da ".
Portugaleteko alkate Mª José Blancok eskertu egin du El Corte Inglesek eta ACTk azken estropada Portugaleten jokatzeko egiten duten apustua. "El Corte Ingles-Portugaleteko Udala Banderaren 50 edizio dira dagoeneko, eta uste dut estropada tradizionala eta ikusgarria dela. Zaleek arraunlariak gertutik senti ditzaketen estropada eremu bat da, Portugalete eta Getxoko kaietatik hain gertu igarotzen ikustean, eta baita gure Gizateriaren Ondarearen azpitik ere, Zubi Esekia", adierazi du Portugaleteko alkateak.