Albisteak 2024
LEHIAKETA
01 Abu 2024
Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak hitzordua dute Kantabrian CaixaBank Banderaren eskutik
Castro-Urdialesek hartuko du beste urte batez entitate finantzarioaren bandera.
Larunbat honetan jokatuko da Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako hitzordu bakarra Kantabrian. CaixaBank Bandera Castro-Urdialesen jokatuko da. Entitate finantzarioaren bandera zazpigarrenez jokatuko da Brazomarreko badian. Eremu historikoa da arraunaren munduan eta CaixaBanki esker arraunaren elitearen presentzia bermatzen da lurralde honetan.
Gaur goizean aurkeztu dira Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako CaixaBank Banderak: XII. edizioa izango da gizonezkoen lehian eta VIII. edizioa, berriz, emakumezkoenean. Aurkezpen ekitaldian izan dira Susana Herran, Castro-Urdialeseko alkatea, Hector Alonso, Kantabriako CaixaBankeko Negozio Arloko Zuzendaria eta Borja Rodrigo, ACTko presidentea.
Susana Herranek, hiriko alkateak, Castro-Urdialeseko itsas tradizioa azpimarratu du: "Castro-Urdialesek itsas tradizio luze eta sustraitua du. Itsasoa gure nortasunaren funtsezko zatia izan da beti, eta arrauna gure DNAren parte da. Horregatik, aurten ere horrelako proba bat hartzea harro egoteko modukoa da gu guztiontzat".
Hector Alonsok, berriz, arraunaren maila gorena Kantabriara eramatearen garrantzia azpimarratu du: "Beste urte batez, Castro-Urdialesera ekarri nahi izan dugu gure egutegiko data garrantzitsuenetariko bat: CaixaBank Bandera. Arraunaren munduko aditu askoren ustez, Kantauriko estropada eremu onenetarikoa. Castroko bizilagunek arraunaren goi-mailaz gozatzen jarraitzea nahi dugu".
Borja Rodrigok, ACTko presidenteak, hitzordua aurrera emateko konpromezua eskertu nahi izan du: "Castro-Urdialeseko eremua historikoa da, ikuslearentzat benetan polita. CaixaBanken eskutik, gure egutegiak hemen geldialdia egitea garrantzitsua da guretzat. Gure presentzia bermatzen du Kantabrian eta gure jarduna zabaltzen du Atlantikoko eta Kantauriko uretan. Eskerrak eman nahi dizkiogu entitate finantzarioari, baita Castro-Urdialeseko udalari ere".