Albisteak 2010

LEHIAKETA

19 Abu 2010

IKUSMIN HANDIA HONDARRIBIAN; IKUSKIZUNA ITSASOAN, FESTA GIROA HERRIAN

Zaleek ez dute ahaztu oraindik Zarauzko estropadako ikuskizun aparta, eta antzeko ikuskizunarekin gozatzea espero dute Hondarribian.

Nork ahaztu ditu poparean Zarauzko olatu gainean lokomotorak ziruditen ontziak? Itsaso zabalean jokatzen diren estropadak azken paladan erabakitzen dira, azken olatuan, azken izerdi tantan. Ontzi batzuk hegan egiten dute olatu gainean, eta ondoan daudenak hondorik ez duen zulo batean geratzen dira trabatuta, olatu artean. Segundoak azkar pasatzen dira, eta arrakasta edo porrota oso tarte txikian erabakitzen da.

Hondarribia kirol ikuskizunen plaza da. Iaz, Orio Amenabarrek erakustaldi ikaragarria eman zuen azken luzean, etxeko ontziari aurrea hartuta. Hori kolorekoak abiletan abilenak dira olatu gainean ibiltzen, eta inork baino metro gehiago egiten dituzte, baina Hondarribia Orsa ere ez da herrena. Kontrakoa pentsatzen duenak nahiko du astebete atzera egitea. Ama Guadalupekoak irabazi zuen Zarauzko Ikurrinako bigarren jardunaldia, pasa den igandean.

Eguerdian egin da HONDARRIBIKO XXIII. IKURRINA - GP MAPFRE estropadako aurkezpen ekitaldia, udaletxean. Han izan dira herriko alkatea, Aitor Kerejeta jauna, Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea, Joxemi Elduayen jauna, eta estropada babesten duen Mapfre etxeko ordezkaria, Javier Lopetegi jauna.

San Miguel Ligako 14. estropada puntuagarria izango da igandekoa. Ohiko distantzia izango du, 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta txandak bezperan Astilleron jokatutako estropadak utzitako San Miguel Ligako sailkapenaren arabera erabakiko dira.

Estropada bukaeran, Hondarribia Orsak arraun zale talde ezberdinak biltzeko asmoa duen anaitasun bazkari bat antolatu du. Helburua San Miguel Ligako estropaden inguruan festa giro handia sortzea da

Itzuli