Albisteak 2014

LEHIAKETA

18 Uzt 2014

Gipuzkoar jardunaldi bikoitza

Gipuzkoar jardunaldi bikoitza

Astebukaera honetan San Miguel Ligak II. la Caixa Bandera larunbatean San Pedron eta XXIV Orioko Estropadak- Orioko Kanpina II Bandera igandean Oria Ibadan izango ditu

San Miguel Ligaren aurreko jardunaldian Eusko Label III. Bandera Donostiako badian jokatu ondoren, aste bukaera honetan, lehiaketak Gipuzkoako uretan errepikatuko du seigarren eta zazpigarren jardunaldietarako. Taldeen traineruak, larunbatean, emakumeak bukatu bezain laister, ohikoa ez den estropada formatu batean lehiatu beharko dira Pasaian. Estropada-eremua txikiagoa denez, untziek euren abilidade guztia erakutsi beharko dute ibilbideko bost ziabogak ahalik eta hoberen emateko. Lehenago, toki berean, lehenengo aldiz Pedreña eta Donostiako sailkapeneko bi jardunaldien ondoren, emakumezkoen lau traineruak batera lehiatuko dira. Hibaika Jamones Ancín, Samertolameu, San Juan Iberdrolako liderrak eta Zumaiak, lehengo urteko txapelduna, bi ziaboga izango dituen milia bat eta erdiko ibilbide batean arraun egingo dute ligaren hirugarren jardunaldiari dagokion III Euskotren Bandera hau irabazteko.

Gizonezkoen 12 taldeak,  ‘la Caixa’ Koroa lortzeko sailkapen nagusiari jarraituz eratutako hiru txandatan banaturik lehiatuko dira San Miguel Ligako estropada puntuagarri honetan. Honela, Urdaibai Avia, Pedreña, San Pedro Ecolmare eta Astillero izango ditugu lehenengo txandan; bigarrenean, aldiz, Portugalete Eulen, Cabo, San Juan Iberdrola eta Zierbena Bahías de Bizkaiak egingo dute arraun; ohorezko txandan, azkenik, Tirán Pereira, Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa izango dira arraunean San Miguel Ligako lider den Orio Babyautorekin.

Behin igandeko jardunaldira iristean, eguerdian XXIV. Orioko Estropadak -Orioko Kanpina II Bandera jokatuko da Oria ibaiko uretan egingo den erlojupeko saio batean. Traineruak banaka aterako dira, euren artean minutu bateko aldea utzirik, hiru miliako eta hiru ziaboga dituen ibilbide bat osatzeko eta hiru txandatan banaturik izango dira taldeak. Igandeko jardunaldi honetako txanden eraketa egiteko jarraituko den irizpidea, larunbatean San Pedroko estropada jokatu ondorengo sailkapen nagusia izango da. 12.00etan, Euskotren Ligako txapeldun izateko lau hautagaiak ere milia bat eta erdiko erlojupeko saio bati aurre egin beharko diote, Oria ibaiaren alde bietan bilduko den jendetzaren aurrean.

Itzuli