Albisteak 2016

BEREZIAK

08 Uzt 2016

Gipuzkoa arraunaren lurralde

Gipuzkoa arraunaren lurralde

Orioko XXVI. Estropadak – IV. Orio Kanpina Bandera eta V. Eusko Label Bandera, San Miguel Ligako eta Euskotren Ligako asteburu honetako zitak

Gipuzkoak asteburu honetan Orion eta Donostian ospatuko den San Miguel Ligako eta Euskotren Ligako estropaden bidez paper protagonista izango du, izan ere, larunbatean 18.30etatik aurrera eta igandean 12.00etatik aurrera, Orioko XXVI. Estropadak – IV. Orio Kanpina Bandera eta V. Eusko Label Bandera ospatuko dira hurrenez hurren. Bi zita hauek CaixaBank Koroaren lehiako laugarren eta bostgarren jardunaldiei izena emateaz gain, Euskotren Liga San Juan Iberdrolarekin batera zein taldek lehiatuko duten jakiteko balioko digu.

Orioko zitari dagokionez, hirugarren urtez jarraian Oria ibaian ospatuko da, hasierako eta irteerako balizak herriko plazaren aurrean izanik. Estropada hau, erlojupeko modalitatean jokatukoa da eta San Miguel Ligako sailkapen nagusiaren arabera egongo dira txandak antolatuta. Aurreko urtean, NT2 Hondarribiak lortu zuen bandera etxera eramatea 19'15''88ko denborarekin, hauen atzetik hiru segundura Kaiku Producharen 'Bizkaitarra' iritsi zen. 2014ean ordea, garaipena Bermeora bidaiatu zuen, izan ere, 'Bou Bizkaia' ontziak 19'37''94ko denborarekin gelditu zuen kronoa, Orio Babyauto taldearen denbora bederatzi hamarrenetan hobetuz.

Emakumezkoen txapelketan ere detailen gauza izan garaipena lortzea, kasu honetan San Juan Iberdrolarentzat izan ziren garaipenak. 2014ean segundu bateko errentarekin Hibaika Jamones Ancin taldea mendean hartu zuten eta 2015ean, beste segundu batengatik Zumaiari irabazi zioten. Garrantzizkoa da gogoratzea, Euskotren Ligaren estropadaren irteerako ordena zozketa bidez izango dela. Ez ordea San Juan Iberdrolaren kasuan, hauek azken postuan irtengo dira Euskotren Ligako egungo txapeldunak izateagatik.

Igandean ordea, estropada eremu klasiko baten unea izango da, hain zuzen, V. Eusko Label Bandera Kontxako Badian ospatuko da. Estropada hau launakako hiru txandetan ospatuko da eta irteerako ordena larunbateko emaitzen arabera izango da. Zita honek, azken bi urteetan Orio Babyauto izan du protagonista, izan ere 2015 urtean 20'13''66 denborarekin Kaiku Producharen aurretik gailendu zen eta 2014 urtean garaipena lortu zuen ere, NT2 Hondarribiaren denbora14 zentesima hobetuz.

Emakumezkoen txapelketan, aurreko urteko garaipena Zumaiara joan zen, 11'06''28 denboraren bitartez, 11 segunduko errenta atera zioten San Juan Iberdrolari. 2014 urtean ordea, San Juan Iberdrolak bandera etxera ramatea lortu zuen 10'43''28 denborarekin, Hibaika Jamones Ancin taldearen denbora zazpi segundutan hobetuz.

Berdintasuna nagusi

Hasieratik errepikatzen ari garen hitz bat da berdintasuna, aurtengo liga inoiz baino hobeto deskribatzen duen hitza baita. Sailkapen nagusian NT2 Hondarribia eta Urdaibai Avia lehen postuan berdinduta daude eta laugarren postuaren eta bederatzigarren postuaren artean, sei puntuko diferentzia besterik ez dago. Patroi Onenaren Caixabank Sariari dagokionez, Unai Osak maillot zuriarekin debuta egingo du, hala ere, San Juan Iberdrolako patroiak diren Unai Oliden eta Endika Perez gertutik jarraitzen dute maillota lortzearen helburua.

Itzuli