Albisteak 2010

LEHIAKETA

11 Abu 2010

BUELTAN DA ARRAUN LEHIAKETA ONENA, KANTAURI ITSASOKO ESTROPADA ONENAREKIN: ZARAUZKO IKURRINA

BUELTAN DA ARRAUN LEHIAKETA ONENA, KANTAURI ITSASOKO ESTROPADA ONENAREKIN: ZARAUZKO IKURRINA

Den-dena dago jokoan Gipuzkoako kostaldeko herriko proban: txapelduna, lau onenen artean sartzeko dema, eta zortzi onenen multzotik kanpo geratzeko arriskua duten ontziak

Bukatzen ez diren aste bi. Kantauri Itsasoko arraun lehiaketarik gabeko egunak bukatzear daude. Beste arraun lehiaketa batzuk jokatu dira, bai, baina bat bera ere ez San Miguel Ligaren parekoa. Bat bera ere ez arraun liga onenaren pareko lehiakortasun edo antolakuntza duena. Liga onena bueltan da, eta hori egiteko Zarautz baino toki aproposagorik ez. Denboraldiko estropada onena delako, asteburu bakarrean, bi estropadetan, saritan diru gehien banatzen duen lehiaketa: 60.000 euro. Zarautz klasiko bat bilakatu da dagoeneko, eta XXXIII. Ikurrina antolatuko du larunbata eta igandean. Zarauzko Udalak Cachi Bachi elkartea hautatu du aurkezpen ekitaldia egiteko. Bertan izan dira herriko alkatea, Jon Urien jauna, Zarautz Arraun Elkarteko presidentea, Antton Illarramendi Jauna, eta ACT elkarteko gerentea, Iñaki Mikeo Jauna.

San Miguel Ligako 11. eta 12. estropadak izango dira. Larunbateko hitzordua arratseko 6retan da, eta igandekoa, eguerdian. Estropada Zarauzko Turismo Etxeak eta herriko arraun elkarteak antolatzen dute, eta Zarauzko Udalak babestu. Zarautz estropada soila baino askoz gehiago da. Zirt edo zart egin beharreko lekua da. Han arrakastak beste inon baino distira handiagoa egiten du, eta kirol porrota beste inon baino mingarriagoa da.

Antzera gertatuko da aurten ere. San Miguel Liga inoiz baino parekatua baitago. Inork ez daki zer gertatuko den estropada batean. Nork eramango duen bandera, nor ariko den Ohorezko Txandan. Guztia Lehiaketako Oreka izeneko filosofiari esker, San Miguel Ligako klubek azken zortzi urtetan sustatu duten filosofia. Helburu nagusitzat emozioa duen jarduteko modua da Lehiaketako Oreka, kirol emaitzak soil-soilik ahalmen ekonomikoaren arabera erabakitzea saihestu nahi duen jarduera. Arraunlari propioen araua da filosofiaren oinarria, eta arau horren arabera, ligako klubek gutxienez zazpi arraunlari propio erabili behar dituzte estropada guztietan. Harrobia lantzea da lehentasuna, harrobiak parekotasun ikaragarria dakarrelako. Gaur-gaurkoz, ezinezkoa da estropada bateko kiniela asmatzea, eta zaleek komeriak dituzte arrauna ahazteko, asteburu batean bai, eta hurrengoan ere bai, onenak segundo tarte eskas batean sailkatzen direlako.

Caja Madrid Koroa lortzeko dema da parekotasun horren adibide onena. Orio Amenabar liderra eta Urdaibai Umpro Avia bi puntuko tartean daude, eta Zarauzko puntuek alde batera edo bestera desoreka dezakete balantza. Borroka estua, era berean, denboraldian ezustekoa ematen ari den trainerua, Tiran, eta Kantabriako hiru ontzien artean. Galiziarrak dira egun 4. postuaren jabe, baina gertu-gertutik sumatzen du Pedreña, Naturhouse Castro eta Astilleroren mehatxua. Pedreña puntu bakarrera dauka Tiranek, Castro bost puntura, eta Astillero zazpira. Zarauzko bi estropaden ostean nabarmen alda daiteke sailkapena.

Zortzigarren postua eskuratzeko ere emozio handiko dema ikusiko da. San Pedrorena da postu hori egun, eta 10 puntuko aldea kentzen die 9. eta 10. sailkatuei, Hondarribia Orsa eta Kaiku Ambilamp-i, hurrenez hurren. Bi ontzi berdeek dute jomugan 8. postua, El Corte Ingles eta Bermeoko ikurrina garrantzitsuetan lehiatzeko txartela ematen duen azken postua.

Puntu banaketa estropada bakoitzean egingo da. 78 puntu larunbateko jardunaldian, beste hainbeste igandekoan. Ikurrinako garailea, ordea, bi jardunaldietako denboren batuketaren bitartez egingo da. Ontziek ohiko distantzia osatu beharko dute: 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga.

Nabarmentzeko modukoa da, era berean, Euskotren Ligaren bukaera. Zarautzen jokatuko dira emakumeen ligako azken bi estropadak. 17:35ean hasiko da larunbatekoa, eta 11.35ean igandekoa. Euskotren Ligan ere handia da parekotasuna. Galiziak eta Gipuzkoak puntu kopuru bera dute, 21, eta Zarautzen erabakiko da Ligako garailearen izena.

Itzuli