Albisteak 2011

LEHIAKETA

13 Ira 2011

SAN MIGUEL LIGA AZKEN ASTEBURURA IRITSIKO DA BERMEON; KANPORAKETAKO LEHEN JARDUNALDIA ERE HAN JOKATUKO DA

SAN MIGUEL LIGA AZKEN ASTEBURURA IRITSIKO DA BERMEON; KANPORAKETAKO LEHEN JARDUNALDIA ERE HAN JOKATUKO DA

Uda azkenekotan da, eta udazkena toki eske dator. San Miguel liga bukatzear da, baina indartsu bukatu nahi du, emozioz betetako bi jardunaldirekin. Asko dago jokoan azken bi estropadetan, Bermeon eta Portugaleten. Bermeokoa larunbatez jokatuko da, irailaren 17an, eta arratsaldeko 6retan hasita. Denboraldiko 18. estropada puntuagarria izanen da.

Kaikuk Mapfre Koroa eskura dezake matematikoki Bermeon, igandeko saioaren zain egon gabe. Sestaoko Bizkaitarra ontziak 18 puntuko aldea kentzen dio Bermeoko Bou Bizkaiari, eta nahikoa dute zazpigarren postuan sailkatzea, euren historian lehen aldiz San Miguel liga poltsikoratzeko.

Ez da eguneko lehia bakarra izango. Bermeon jokatuko da ACT ligan jarduteko igoera kanporaketako lehen jardunaldia. Bost ontzi ariko dira lehian, eta jokoan, bi postu: Camargo, Portugalete Eulen, Zierbena Bahias de Bizkaia, Chapela eta Cabo Cruz. Orio Amenabar ontziak ere kanporaketa estropadan parte hartuko du, baina kautelaz hartutako neurria da. 12. postuan sailkatu da San Miguel Ligan Orio, eta kanporaketa estropadan lortzen dituen emaitzak bere behin betiko sailkapena 11. postua bada bakarrik hartuko dira aintzat. Orioren behin-betiko postua ACT elkarteko klub baten aurka ustez dopinaren aurkako arauak hausteagatik abiatutako zigor espedientea bukatzen denean jakingo da.

Arratsaldeko 6retan hasiko da BERMEO HIRIKO XXIX. IKURRINA. Gaur eguerdian aurkeztu da estropada herriko udaletxean. Ekitaldira bertaratu dira herriko alkatea, Idurre Bideguren anderea, eta Bermeo AE-ko Agustin Aranburu presidente ordea. Herriko arraun elkarteak antolatuko du estropada, eta udaletxea bera izanen da babesle nagusia. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta San Miguel ligako zortzi ontzi onenek bi txandetan parte hartuko dute.

ACT ligan jarduteko igoera edo ligan geratzeko kanporaketari dagokionez, bi txartelak lortzeko lehen dema ikusi ahal izango da Bermeon. Bost ontziak erlojupekoan ariko dira, eta ontzi guztiak minutu bateko tartearekin abiatuko dira bata bestearen atzetik. Puntuaketa eta bete beharreko beste baldintzen inguruan, ACT elkarteko 2011 urteko Lehiaketa Arautegiko V. atalean jasotakoa erabiliko da irizpide gisa (igoera eta jaitsiera sistema). Lehen jardunaldia irabazten duen traineruak bost puntu lortuko ditu, bigarren sailkatuak lau, eta irizpide bera hurrengo sailkatuentzat. Sistema berbera erabiliko da igandean, Portugaleteko estropadan, eta bi jardunaldien ostean puntu gehien biltzen dituzten bi ontziek lortuko dute 2012an San Miguel Ligan lehiatzeko saria. Puntu kopuruan berdinketaren bat emango balitz, bi estropadetako denbora batuketa erabiliko litzateke irizpide gisa, berdinketa hori hausteko.

Bestalde, ACT elkarteak larunbatean urteko bosgarren Batzar Orokorra egingo duela ere jakinarazi nahi dizuegu. Hitzordua goizeko 11tan izanen da, Bermeoko Arrantzalearen Museoan. Honako hau da eguneko gai zerrenda:

- Azken Batzar Orokorreko aktaren berrespena.
- 2011ko hirugarren hiruhilekoko kudeaketarekin zerikusia duten kontuen aurkezpena. Besteak beste, sos kontuena.
- Galde-eskeak.

Itzuli