Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

29 Abu 2012

"NEGUAN 11. IZAN GINTEZKEELA USTE GENUEN, ETA HALA IZAN DA; LASAI GAUDE"

"NEGUAN 11. IZAN GINTEZKEELA USTE GENUEN, ETA HALA IZAN DA; LASAI GAUDE"

Xanti Zabaleta, Zumaia Altuna y Uria klubeko entrenatzailea

Bi aste eta erdi falta dira play-offak hasteko. Bi postu jokoan, eta bost hautagai. Gaur-gaurkoz, Zumaia Altuna y Uria da San Miguel Ligako kide bakarra, eta taldeko entrenatzailearengana, Xanti Zabaletarengana jo du ACT elkarteko atarikoak (Orio, 44 urte), iritzi bila. 11. postua espero zutena omen zen, eta alde horretatik, borrokatzeko prest omen daude.

 

Bukatu da liga zuentzat. 11. postuan azkenean, ze gorputzaldi geratu zaizue, aste batzuk lehenago 10. postu hori hiru puntura eduki ostean?

Urte hasieran hiru egoera eman zitezkeela aurreikusi genuen: zuzenean jaitsi, play-offa jokatu, edo jaitsiera saihestea. Bigarrena izan da, eta merezi dugun postuan gaude, ezin dira kirol emaitzak auzitan jarri. Gorputzaldi ona dugu, akats batzuk egin ditugu, gauza onak ere bai, baina lana ondo egin dugu.

 

Porrota hitza gogorregia al litzateke?

Ez dut uste hala izan denik, neguan ere ligako azken hiru postuetan egongo ginela pentsatzen baikenuen. Hala izan da, eta gure usteak ez ziren hain okerrak. Inoiz ez dugu pentsatu Zumaia bigarren txandan sartzeko borrokan ibiliko zenik, eta hala izan da. Klubak harrobiko filosofia dauka, eta filosofia horrekin lana zaila dela onartu eta borroka egin beste erremediorik ez dago. 11. postuan egon gara gehien liga osoan, eta emaitzek ez dute gezurrik esaten. Horren kontra ezin da ezer egin.

 

Kanpotik ikusita, estropada batzuetan nahiko ondo ibili zarete, besteetan nahiko gaizki. Jardun gorabeheratsua. Azalpenen bat bai?

Beno, analisi horiek sinpleegiak direla esango nuke. Galdera hori egin izan didatenean akats tekniko batzuk egin, egin ditugula erantzuten dut, eta kito.

 

Eta zuk zeuk barrura begira egiten duzun analisia?

Barruko analisia niretzako gordeko dut.

 

Zer pentsatu behar du zaleak? Lasai geratu, estropada onak egin direlako, edo urduri egon beste batzuetan asmatu ez delako?

Ikuspegi oro. Zaleak estropada onak egin ditugunean analisi batzuk egin direla ikusi behar du, eta onak egin ez ditugunean akaso karanbola dezente eman direla. Alderantziz pentsatzea ere posible da. Nik gure egoera nabarmenduko nuke, beste guztiaren gainetik: play-offean gaude, eta potentzialki aurkari indartsuak izango ditugula. Garrantzitsuena lasai mantentzea da, urduritasunean ez erortzea, gure lanean konfiantza izan. Ematen den emaitza bat edo beste izan, gure konpromisoa daukagun guztia ematea izango delako beti.

 

Azken asteetan play-offetara begira jarri zarete, ezta?

Bai, pasa den asteburuan batez ere nabaria izan da burua Bermeon dugula. 11. postu hori libratzea oso zaila zen, eta nik astebeteko epe hori baliatu dut ontzia dagoeneko kanporaketara begira jartzeko. Mutilen erreakzioa bilatzea da lehen erronka, eta horretan gaude.

 

Gaurko egunez, play-offak jokatzeko bi aste direla, nola definituko zenuke zure buruko egoera? Urduritasuna, lasaitasuna, eguna iristeko gogoa…

Mezua lasai gaudela da. Ni neu eta arraunlariak.

 

Nola ikusten duzu play-off hori? Mundu guztiak du ahotan Orio Babyauto dela faborito nagusia, irits ezin izateraino ia-ia.

Faborito izan edo ez, hor datuak, sentsazioak bakoitzak nahi duen erara interpretatzen ditu. Ezin da ukatu KAE1 ligako estropada guztiak irabazi dituztela, hori egiten duen lehen trainerua izan dela, eta hautagai sendoa dela oso. Orio ikur bat da arraun munduan, sekulako lorpen zerrenda du, eta historia horrek halako faborito izaera ematen die berez. Alderaketa bat eginez, Orio arraunean futbolean Real Madril denaren parekoa da. Zazpi fitxaketa egin dituzte urte bakarrean San Miguel ligara bueltatzeko, eta urte osoa iraileko hirugarren asteburu horri begira daude, euren onena emateko.

 

Zer esan zenezake Santurtzi-Iberdrolari buruz?

Urtetik urtera lanean, taldea ontzen ari direla, eta halako batean bere unea iritsiko da, noski. Talde ona du, orekatua, eta estropada onak egin ditu, Oriorengandik nahiko hurbil estropada batzuetan.

 

Eta galiziarrei buruz zer?

Zalantza asko, baina uste sendo bat hasieratik. Play-offa jokatzera badatoz handik, zerbaitegatik da, eta tentuz jokatu behar da haiekin.

 

Gaurko egunez, zein bi traineru ariko dira 2013an San Miguel Ligan Xanti Zabaletaren ustez?

Zumaia eta beste bat.

 

Ze iritzi duzu bi estropaden inguruan? Bermeo plaza gaiztoa da ia beti: udazkena ate joka, itsaso mugitua, eta igandean, Portugaleten, babesa, erreka, baina gorabehera asko korronteekin.

Lehenengo neurketa beti izaten da garrantzitsuagoa play-off batean, eta arraunean ere bai. Bermeoko emaitzak baldintzatuko du Portugaleteko estropadaren joera. Bermeok gauza asko argituko ditu, eta eremu teknikoa da, handicap asko dituena.

 

Bermeon bi onenen artean sailkatzea funtsezkoa izan liteke.

Erabat ados, zu barruan zaudelako eta besteak ez. Lehenengo egunean ez duzu ezer irabazten, baina asko gal dezakezu.

 

Kontxako sailkapen estropadan play-offean parte hartuko duzuen traineruen arteko borroka psikologikoa ikusi al daiteke?

Bai, lehia zuzena dagoenean datuak kontrastatzen dituzulako. Gero bakoitzak bere analisiak egingo ditu, politikan bezala. Denbora onena egiten duenak hori jarriko du mahai gainean. Atzetik geratu dena agian propioen kontua. Nire helburua mutilek estropada ona egitea da, disfrutatzea, hitzordu polita delako. Han disfrutatu eta gero gerokoak.

 

Zumaiak zazpi urte dagoeneko ligan. Ze hausnarketa eragiten dizu horrek?

Beno, nik kirol bizitza motza daramat Zumaian, bigarren urtea dudalako. Lana egitea zaila da, besteen aurka lehiatzea batez ere harrobiko politikarekin. Trukean, poza ematen du, jende gaztea klubera etorri eta haiek onenen aurka lehia dezaketela ikustea, haien mailatik gertu ibil daitekeela ikustea. Arraunlariarentzat oso polita da hori.

 

Eta San Miguel Ligak 10 urte.

Komertzialki oso ondo saltzen den produktua dela esango nuke. Nabarmen orekatu da arrauna, baina hainbat kontu urrun daude ondo egotetik. Batik bat arraunlarioi dagokionez. Gu gara mundu honetako protagonistak, baina bigarren maila batean gaudela esango nuke.

Itzuli