Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

01 Ira 2012

"MAILAZ IGOTZEA EZUSTEKOA IZANGO DA, AURKARIAK INDARTSUAK DIRELAKO"

"MAILAZ IGOTZEA EZUSTEKOA IZANGO DA, AURKARIAK INDARTSUAK DIRELAKO"

Pedro Gabancho, Santurtzi-Iberdrola klubeko entrenatzailea

Pedro Gabanchok Kontxako sailkapen estropada jokatu ostean erantzun ditu galderak (Castro Urdiales, 38 urte). Argi hitz egiten du, aho bizarrik gabe, eta igoerari uko egiten ez badio ere, zaila ikusten du: “Azken urteetako kanporaketa zailena izango da”. Bermeok oroitzapen txarrak dakarzkio: “han galdu genuen maila iaz Camargorekin”, baina keinu baikorrak ikusten ditu arraunlarien artean: “Edonor mendera dezakegu”.

 

Jokatu da, dagoeneko, Kontxako sailkapen estropada. Test proba egokia al da kanporaketan elkarren aurka ariko zareten traineruentzat, edo ez?

Ez dut uste. Zehar begiraturen bat edo beste botatzen diogu elkarri, baina sasoia dagoen unean egonda, bakoitzak badaki zer daukan. Gu ez ginen gure talde onenarekin irten Kontxan. Proba asko egiten dituzu, aldaketak… Demagun Kontxan zure ohorea dagoela jokoan, baina Bermeora begira gaude, dagoeneko. Kontxako sailkapen estropadak ez du eraginik izango igoera kanporaketan, emaitza bat edo beste izan. Euskadiko Txapelketan 25 segundoko aldea kendu genion Zumaia Altuna y Uriari. Aintzat hartzeko modukoa al da erreferentzi hori? Ez. Nire ustea da lau hautagaiak orpoz orpo ibiliko garela.

 

Nola ikusten duzu kanporaketa, bi aste geratzen direla?

Zaila. Aukerak, eduki, baditugu. Badakigu non hobetu dezakegun gure lana, eta pauso sendoak eman ditugu denboraldi honetan. Urte osoa iraileko hirugarren asteburuari begira prestatzen da, bi estropada horiei begira arrisku asko hartuz, eta hor gabiltza, probatzen.

 

Igoera zail ikusten duzula esan duzu. Orio Babyautok KAE1 Ligan erakutsi duen aginteak eragina izango du, noski, zure hausnarketa horretan, ezta?

Dudarik ez. Faborito argia da, baina ez da irits ezina. Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa ere garaiezinak ziren, eta amore eman izan dute. Orio nagusitasun handiarekin aritu da KAE1 Ligan uztailean, ez hain garbi abuztuan. Bandera guztiak irabazita ere, akatsak egin dituzte, eta haiek gainditzea posible dela uste dut.

 

Zumaia San Miguel Ligatik dator. Arduratuta horregatik?

Oso talde gaztea duela arduratzen nau. Ilusio handia dute, eta hori arriskutsua da kanporaketan parte hartuko dugun beste hiru ontzientzat. Zumaiarentzat San Miguel Ligako estropada batean 9. postuan sailkatzea bandera bat irabaztearen parekoa da, eta horrek, kanporaketa batean, Zumaia talde arriskutsua izatea dakar.

 

Zer esan diezagukezu Amegrove Viabus Travel-en inguruan?

Aldaketa asko egin dituztela, eta nire belarrietaraino iritsi den informazioa aintzat hartuz, kanporaketako lehen bi postuetako batean aise sailkatuko direla pentsatzen dute. Dirua bilatzen ari omen dira San Miguel Ligan lehiatu ahal izateko, eta horrek zerbait esan nahi du. Orioren pare daudela esan genezake.

 

Santurtzirentzat, porrota al litzateke San Miguel Ligara ez igotzea?

Kolpe gogorra izango litzateke, bai. Antola genezakeen talderik onena antolatu dugu, arraunlari propio eta ez propioen arauagatik. Giza baliabide gutxi ditugu, talde laburra, eta kupoak direla-eta, hainbat estropadetan ezin izan dugu nahi beste lehiatu. Patroia, adibidez, ez da propioa, eta hori muga garrantzitsua da guretzat. Igoera kanporaketa azken urteetako gogorrena izanen da, eta horrek gure aukera murrizten du. Beste urteetan bi talde besteak baino indartsuagoak ziren, baina aurten parekotasun handia dago. Dena den, badirudi gu geu eta Zumaia garela erronka zailena dugun ontziak.

 

Santurtzi herri arraunlaria da, oso zale talde handia duzue. Presiorik sumatzen al da igotzeko beharrarekin? Balego, nola daramazue?

Ni herriko giro horretatik ihes egiten saiatzen naiz. Igoera lortzea zaila dela pentsatuko dutelakoan nago. Ez dugu estropada bakar bat irabazi KAE1 Ligan, traineru txikietan ere ez ginen bereziki ondo aritu, eta Kontxan ere ez. Ez dugu konfiantza handirik ematen, baina ezustekoa eman dezakegu. Igotzen bagara ezustekoa izango da, maila handia dagoelako.

 

Bi estropada eremu, eta biak erabat ezberdinak. Itsaso zabala, eta normalean mugitua Bermeon, eta erreka Portun. Zer iritzi duzu?

Bermeok ez dit oroitzapen onik ekartzen. Iaz, Camargorekin, han ihes egin zigun San Miguel Ligan mantentzeko txartelak. Estropada polita da, baina alde bateko olatua duena, eta itsaso mugitua badago, estropada teknikoa. Orain modan jarri dira ‘platanito’ ontziak, ea zer moduz moldatzen diren Bermeon. Egia da ziaboga azkarrago ematen duela, baina ziabogetara bitarteko luzeetan askoz gehiago mugitzen da, eta ez da batere erraza ontzia ondo eramatea. 5,5 kilometro luze egin behar dira ontzi horretan.

 

Camargorena aipatu berri duzu. Ezagutzen duzu San Miguel Liga, zer esaten diezu arraunlariei, klubeko kideei?

Beno, Santurtzin San Miguel Liga ezagutzen duten arraunlariak ere badaude. Santurtziko jendea Castrokoa, nire jaioterrikoa bezalakoa dela esango nuke, konformatzen ez dena. Ez da zaila izan anbizioa piztea, baina buruz-eta jendea kaltetu samar dago. Kirol porrot asko eta gogorrak ezagutu dituzte. Horrek zalantzak sortzen ditu, eta burua garbitu behar da, iragana ahazten saiatu. Donostiatik etxera bueltan ginela, mutilak kanporaketari buruz hitz egiten sumatu nituen, baikor, eta horrek susmo ona ematen dit.

 

Zer suposatuko luke zuentzat igoera lortzea?

Buah, arazo handi bat. Arazo polita. Jendeari “ez dakizue non sartzen zareten” esango nioke. San Miguel Ligan lehiatzeak gauza asko suposatzen ditu. Diru asko inbertitu behar da, eta B ontzi bat izatea komenigarria litzateke. Klubaren izana aldatu beharko litzateke, eta hori oso zaila da. Bakarren batek esango du, bai ezkorra dela gizon hau, baina hori da dagoena.

 

San Miguel Ligak 10 urte betetzen ditu aurten. Ze hausnarketa egiten duzu, egun arraunak bizi duen egoeraz, eta nola ikusten duzu etorkizuna?

Hasteko, San Miguel Ligako arraun munduak daukan gauza onena dela uste dut. Castron sortu zela uste dut, eta proiektu polita da. Hobetzeko modukoa? Bai, gauza guztiak bezala, baina horretarako klubek lagundu egin behar dute, irizpideak bateratu, eta bakoitzak bere zilborrari hainbeste begiratu ez. Badaude hobetu beharreko kontu batzuk: estropadak, baliza kontuak… Garrantzitsuena, dena den, propioen eta ez propioen araua dela uste dut. Adostasun zabala lortu behar da lehenbailehen, aulki finkoa hondoratzen ari delako. Arraunlariak gero eta zaharragoak dira, eta gero eta diru gutxiago dago. Hurrengo 10-15 urteetan ez da sosik egongo. Santurtzin ez dugu arraunlari propiorik, eta nire esku balego, arraunlari bat propio izateko epea murriztuko nuke. Trukean B ontzien aldeko apustua egingo nuke. Arraunlari propioen kopurua handitzea zaila da, baina San Miguel Ligako klub guztiak B ontziak izatera behartzen badira, harrobia ondo landuko litzateke.

Itzuli