Albisteak 2024
LEHIAKETA
13 Abu 2024
Hemen da Zarauzko jardunaldi bikoitza
Euskotren Liga bertan amaituko da, igandearekin. Eusko Label Liga, berriz, txapelketaren amaierari so jarriko da Zarauzko Ikurrina eta gero.
Gaur goizean aurkeztu dira asteburuan jokoan egongo diren Zarauzko Ikurrinak. Jakina den bezala, igande honetan amaituko da Euskotren Liga eta Arraun Lagunakek ligako trofeoa jasoko du bertan. Gizonezkoen lehian, bestalde, eskifaiak Eusko Label Liga amaierari begira jarriko dira asteburu hau eta gero.
Aurkezpen ekitaldia Ur Bare Hotelaren parean egin da, estropada eremutik gertu, eta bertan izan dira Nagore Arruti, Zarauzko Arraun Elkarteko presidentea; Inaxio Illarramendi, Zarauzko Kirol zinegotzia; Xabier Txurruka, Zarauzko Alkatea; Leire Arana, Turismoko, Jaietako eta Ekitaldietako zinegotzia eta Borja Rodrigo, ACTko presidentea.
Leire Arana, Turismo zinegotziak asteburuko lehiak zarauztarrentzat duen garrantzia azpimarratu du: "Zarauztarrontzat asteburu berezia da, beti esaten dugu. Zarauzko Ikurrina, berezia delako guretzat: ikusten duzuen bezala, ez da ohiko bandera. Ikurrina da: ikurrina bera, bi aldeetan, eskuz egina eta bordatua. Zarauztarrona da; herriarena. Gure arraun kultura eta usadioaren isla. Horrek duen baloreari indarra ematen jarraitu nahi dugu Udaletik".
Bide beretik, Xabier Txurruka alkateak Zarauzko Ikurrinaren tradizioa eta izenaren garrantzia azpimarratu ditu: "Zarauzkoa ez da bandera, ezta trapua ere, Zarauzkoa Ikurrina da, gure garaikurrik preziatuena".
Borja Rodrigok, bestalde, Zarauzko Ikurrinak arraunzaleen egutegian duen garrantzia azpimarratu du: "Zarauzko jardunaldi bikoitzak garrantzia handia du gure egutegian. Denboraldiko momentu gorenean heltzen gara hona, izan ere, Euskotren Liga hemen amaitzen da eta Eusko Label Liga une erabakigarrienean sartzen da. Gainera, eskertzekoa da Zaurauzko Udalak emakumezkoen lehia gizonezkoenaren maila berean jartzeko egiten duen esfortzua".
Larunbatean 17:25ean hasiko da XVI. Zarauzko Ikurriñaren lehen jardunaldia, Euskotren Ligako estropadarekin. Emakumezkoen lehiako bi txandak amaituta, gizonezkoen txanda izango da eta 18:21etan ekingo dio Eusko Label Ligako lehen txandak.
Igandean, berriz, bigarren jardunaldiari hasiera emango zaio 11:20an Euskotren Ligako 2024ko azken estropadari. Bi txandak amaitutakoan, Arraun Lagunaki Euskotren trofeoa emango zaio bigarren urtez jarraian eta behin emakumezkoen txapelketa itxita, gizonezkoek 12:21ean XLVII. Zarauzko Ikurriñaren bigarren jardunaldiari ekingo diote.
ZALEEN GUNEA
Estropadetako Zaleen Gunea Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da aurten ere. Zarauzko Ikurriñaren jardunaldi bikoitzaren aurretik, bitartean eta ondoren zaleek esperientzia paregabeaz gozatu ahal izango dute. Larunbatean zein igandean, Eusko Label eta Keler produktuak dastatu ahal izango dira, eta Eusko Label Ligako edo Euskotren Ligako txapeldunek irabaziko dituzten garaikurrekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Pantaila erraldoia ere jarriko da, Zarauzko Ikurriñaren xehetasunik ez galtzeko, txikienentzat ere puzgarriak egongo dira BM Supermerkatuaken eskutik.