Albisteak 2024

LEHIAKETA

21 Uzt 2024

Bermeo Urdaibai bandera bat gehiagorekin bueltatuko da etxera

 Bermeo Urdaibai bandera bat gehiagorekin bueltatuko da etxera  Bermeo Urdaibai bandera bat gehiagorekin bueltatuko da etxera

Donostiarra izan da nagusi Boiron lehen hiru luzetan zehar, baina liderrek aurrea hartu diete azken metrotan.


Bermeotarrak bandera bat gehiagorekin bueltatuko dira Euskal Herrira, gaur Boiron garaipena erdietsi ostean. Lehia estua izan da Galiziako uretan eta azken metrotan erabaki da bandera: Donostiarra nagusi izan da lehen hiru luzetan zehar, baina amaieran aurrea hartu diete liderrek. Gorka Aranberrik gidatutako traineruak 20:07,52ko denboran amaitu ditu lanak, eta Igor Makazagaren mutillek berriz, 3 segundu gehiago behar izan dituzte. Hirugarren eta laugarren postuei dagokienez, lehia oso estua egon da: azkenean Zierbena izan da hirugarren, eta laugarrenak, berriz, lehen txandan aritu diren hondarribiarrak. Liderrak baino 8.04 eta 8.48 segundo gehiago behar izan dituzte, hurrenez hurren.

Eusko Label Ligako lehen postua sendotzen jarraitzen du Bermeo Urdaibaik eta 93 puntu eskuratu dituzte orain arte. Podiumeko bigarren koska Zierbenarena da 86 punturekin; Oriotarrek 72 dituzte hirugarren postuan eta Hondarribia berriz laugarrena da 71 punturekin.

Zortzitik zortzi Arraun Lagunakentzat

Zortzitik zortzi garaipen eskuratu ditu Arraun Lagunakek Euskotren Ligan. Boiroko uretan lehiatu dira gaurkoan eta 10 segundoko errentarekin irabazi dute estropada. Donostiarra izan da bigarren, 11:13,90eko denboran gelditu dute kronoa eta gertu izan dituzte tolosarrak, lanak 11:14,66ko denboran amaituta. Laugarrenak oriotarrak izan dira, liderrekiko 18.92ko atzerapenarekin.

Euskotren Ligako sailkapena ondorengoa da momentu honetan: Arraun Lagunakena da lehen postua 64 punturekin; Tolosaldea eta Orio puntutan berdinduta daude 48rekin, eta laugarren koskan Donostiarra dago 45ekin. 

Itzuli