GETARIA
Historia
Historia
Getariako Arraun Elkartea, taldetzat,1.976an sortu zen, nahiz eta Getariako herriak lehiaketetan askoz lehenagotik ere jardun duen.
XIX mendea
Getariarren garairik onena arraunketaren hasierako urteetan izan ziren 1895 eta 1911 artean Kontxako bost banderaz jabetu zirelarik. Kontxako lehen parte hartzea 1881ekoa da, banderaren hirugarren edizioa hain zuzen ere. 1890 eta 1891ean bigarren egin ondoren 1895ean iritsi zen lehenengo garaipena Frantzisko Arregi patroi zuela. 1896an berriz irabazi zuen Kontxako Bandera, baita Bilbokoa ere, jokaturiko bi estropada bakarrak zirenez urte hartako traineru onena izan zela erakutsiz.
XX mendearen hasiera
1900an Donostiako Itsas Klubak antolatu zuen, baina belaontziak hobetsi nahian sariak nabarmen jaitsi zituen. San Pedroko traineru bi eta Donostiar guztiek uko egin zioten banderarik, eta Getariak bakarrik arraun eginez eskuratu zuen hirugarren Kontxako Bandera. 1903an Getaria eta Donostiaren arteko estropada izan zen eta getariarrak nagusitu ziren. 1906an bigarren San Pedroren atzetik eta 1911ean azkenengo garaipena, hau ere polemikoa. Getaria eta Orioren artean jokatu behar zen azken estropada, Getariak bi arraunlari aldatzeko eskaera onartu zuen antolakuntzak eta Oriok protesta gisa arraun ez egitea erabaki zuen. Francisco Arregi izan zen patroia 1895, 1896, 1903 eta 1911eko garaipenetan eta Domingo Cabañas 1900koan,
Garaipen gehiago izan ez arren Getariak zenbait urtetan parte hartu zuen eta emaitza onak lortu ere bai, 1922ko eta 1939ko bigarren postuak esate baterako. Bilbo aldean 1930ko estropadan bigarrena izan zen.
Sindicato Náutico de Pesca
Sindicato Nautico de pesca de Guetaria izenarekin traineru indartsua osatu zuten getariarrek 1972an eta Kontxan bigarren, Espainiako Txapelketan laugarren eta Nerbioiko Sari Handian bigarren egitea lortu zuten. Hurrengo urtean ere atera zuten trainerua eta emaitzak apalagoak izan arren (Kontxan 5.) garaipen pare bat lortu zituzten, etxean eta Kontxarako sailkapen estropadan. 1972an Espainiako Trainerilla Txapelketan garaile izan zen.
Getariako Arraun Elkartea Hasierako urteak
1976an sortu eta 1979an egin zuen debuta traineruetan, lau estropada jokatuz baina Ondarroako Arrantzaleen Eguneko Bandera irabaziz. 1980an bi estropada baino ez zituen jokatu. 1982an Espainiako eta Gipuzkoako Batel Txapelketak irabazi zituen eta 1983an trainerua atera zuen emaitzak onak izan ez baziren ere.
90. hamarkada
1993ean itzuli zen Esperantza trainerua eta 1995ean Zarauzko arraunlariekin batera oso emaitza onak lortu zituen Euskal Ligan zazpigarren eginez eta bost bandera irabaziz. Itsasoan bikain moldatzen zen eta Kontxara sartzeko zorian egon zen, 8. postu madarikatu lortu baitzuen sailkapen estropadan. Bolada onari jarraitu zion hurrengo urteetan, 1996an Ligan bosgarren eta bandera bat, 1997an Ligan 7. eta bi bandera, 1998an Ligan 11. baina hiru bandera.
2001ean Zumaiarekin bat egin eta Paternina-Indaux eratu zuten, bakoitzaren babesleen izena hartuz. Sekulako denboraldia osatu zuten elkarrekin, Euskadiko Sprint Txapelketan garaile, Kontxako Banderan bosgarren, Euskal Ligan laugarren, Gipuzkoako txapelketan bigarren eta Ligakoa zen Plentziako Banderan garaile izan baitziren.
KAE Ligan baina jarraitutasunik gabe
Hurrengo bi urtetan ez zuen jenderik lortu trainerua osatzeko eta 2004ean itzuli zen estropadetara Federazio Ligan aritu zelarik. 2007an izan zuen azkenengo urte ona. Orioko arraunlari batzuk hartuta KAE Liga irabazi zuen eta ACTra igotzeko zorian izan zen, play offean lehenengo jardunaldian 10 ehunenekok eta bigarrenean 52 ehunenekok saririk gabe utzi zutelarik.
Gero, bi urteko etena etorri zen traineru mailan gizonezkoei dagokienez, eta kluba gaztedia sortzean zentratu zen, gainerako lanak alboratuz. Aitzitik, 2009an, esaterako, infantil mailako gipuzkoar nahiz euskal batel txapelketak eskuratu zituen klubak, bai eta mutil jubenil nahiz neska absolutuetan Euskadiko trainerila txapelketak irabazi ere, garaipen probintzialez gain. Espainiako txapelketan ere lan txukuna eginik, jubenilek 2. postua eta neskek 5. eskuratuz, beste garaipen ugariren artean.
2010ean Getariak, bere historian lehen aldiz bi traineru uretaratzea lortu zuen, aldi berean: Neskena eta mutilena. Azken hau azpitik bultzaka zentozen gazteei herrian bertan arraun egiteko, eta klubak bere erakustoki onena berriz ere abian jartzeko atera zen. Hasieran asmo hutsa zena egi bihurtu zen KAE 2 ligan, bi bandera irabazteraino: Donostiarra bandera eta Mundakako ikurrina.
KAE1 Ligara itzulera
2011 ere urte oparoa izan da Esperantzarentzat, play-offetarako txartela lortu zuen eta, liga erregularrean 5 bandera eskuratu ondoren: Pasaiako ikurrina, Pasai San Pedroko Kofradiaren bandera Asón Ibaiko bandera (Colindres), Erandioko Bandera eta Mundakako Ikurrina, azken hau bigarren urtez jarraian. Gainera, KAE 1 ligara igotzea lortu zuen Pasaian eta Colindresen jokatutako play-off kanporaketetan, garaile suertatuaz Ondarroa, Getxo eta Arkoteren aurka bi estropadak era loriatsuan irabazi ondoren.
2012an seigarren egin zuen ligan eta 2013an laugarren izatera iritsi zen. Hurrengo bi urteetan liga irabazi zuen, bakoitzean launa estropada irabazita baina bi aldietan play-offean huts egin zuen. Hurrengo urteetan goiko postuetan ibili da baina play-offetara sailkatu gabe. Gorka Etxeberriaren eskutik aritu zen urte haietan, eta hala segitu zuen 2017 eta 2018. urteetan ere.
2019an ziklo aldaketa eman zen Getarian. Ion Larrañaga harrobiko arraunlariak, zenbait urtez beste klubetan aritu eta gero herriko taldea gidatzeko ardura hartu zuen. Lehendabiziko urtean hirugarren sailkatu zuen Esperantza ontzia, KAE 1 ligan, hiru garaipen lortuz: Pedreña, Santoña eta Castro Urdialeseko Callenge-ko ikurriñak. Bigarren urtean, 2020an ere KAE 1eko sailkapeneko hirugarren postua erdietsi zuten getariarrek Larrañagaren aginduetara.
2021 denboraldia mugarria izan da getariarrentzat. Negu partean Andoni Galarraga arraunlaria hil zen eta haren omenezko estropadan lortu zuen denboraldiko aurreneko garaipena. Uztaila erdaldera lidertza eskuratu zuen eta amaieran KAE Ligan laugarren aldiz eskuratzeaz gain Espainiako Txapelketan irabazi zuen. Denboraldia borobiltzeko jokaturiko laugarren play-offetan Eusko Label Ligara igotzea lortu du.